Espainiako Kopan Bartzelona du aurkari Magna Gurpeak gaur

Guaixe 2017ko mar. 9a, 10:10

Gaur jokatuko da final laurdenetako partida, 21:15ean, Ciudad Realen (Teledeporte)

Gaur hasi eta iganderaino luzatuko da Espainiako Areto Futboleko Kopa. Ciudad Realek hartuko du txapelketan. Ligako lehen itzulian lehen 8 postuetan sailkatutako taldeak lehiatuko dira bertan: Barcelona Lassa, Movistar Inter, El Pozo Murcia, Palma Futsal, Jaén Paraíso Interior, Magna Gurpea Xota, Catgas Energia eta Peñíscola RehabMedic. Espainiako Areto Futbol Federaziotik adierazi dutenez, orain arte inoiz izandako baliabide tekniko eta teknologiko hoberenak erabiliko dira partidak eskaini ahal izateko. Teledeporte kateak torneoan jokatuko diren 7 partidak eskainiko ditu zuzenean. Horretaz gain, Eurosportek eta esport3 kateek ere Espainiako Koparen jarraipena egingo dute.

Final laurdenak jokatuko dira lehenik eta behin. Magna Gurpeari arerio gogorra egokitu zaio, Barcelona. Gaur jokatuko dute, ostegunean, 21:15ean eta partida zuzenean jarraitu ahalko da Teledeporten. Partida konplikatua izanen da baina jokalari nafarrak animatuta daude eta finalardietara sailkatzea, hori dute erronka. Beste final laurdenetan Palam Futsalek El Pozo Murcia izango du aurkari, Peñiscola RehabMedic taldeak Jaén Paraiso eta Movistar Interrek Catgas Energia. Finalerdiak martxoaren 11n jokatuko dira eta final handia, berriz, martxoaren 12an.

Imanol Arregi: "Irabaztera gatoz, munduko ilusio guztiarekin"
"Partida konplikatua izango dela badakigu, talde oso gogorra da Bartzelona, baina gu munduko ilusio guztiarekin ariko gara eta kanporaketa gainditzen saiatuko gara" adierazi zuen atzo Imanol Arregi entrenatzaileak. "Bartzelonak jokalari ikaragarriak ditu, edozein momentuan partida apurtu ahal dutenak. Horregatik, defentsan kontzentrazio gehiago izan beharko dugu baina euren atea bilatu beharko dugu ere. Defendatzera ateratzen bagara, partida galdua da. Hortaz, mina egiten saiatuko gara. Irabaztera gatoz, eta horretarako eurak deseroso jarri behar ditugu, pentsatzeko astia ere izan ez dezaten" gaineratu zuen teknikariak.

Manfisa Xotak Minikopa helburu
Espainiako Koparako sailkatutako taldeen haurren mailako talde filialek, aldi berean, Espainiako Minikopa jokatuko dute. Magna Gurpearen filiala Manfisa Xota da. Gaur, 12:30ean, Bartzelona Lassa izango du aurkari. Ondoko jokalariak dira Manfisa Xotakoak: Oihan Sanchez, Iñaki Juango, Ager Laso, Ion Cerviño, Iñaki Larunbe, Axel Espinosa, Unai Berenguer, Jose Antonio Zozaia, Reda Boutazaktht, Alvaro Codón, Yerai Senra, Aimar Garro, Yasir Khlifi, Daniel Ollakarizketa eta Daniel Olague. Juan Pedro Arregi da entrenatzailea eta Manolo Senra delegatua.