Herri lanetan murgilduta

Guaixe 2016ko mai. 20a, 09:11

Trenbide gaineko zubia jasotzeko lanei ur hornidura berritzeko lanak gehitu zaizkie.

Izurdiagak itxura berritua hartuko du hemendik gutxira. Batetik, trenbide-pasa kentzeko lanak ziztu bizian doaz. Herri erditik pasatzen da trenbidea eta aspaldiko eskaera da trenbide-pasa hori kentzea. Izan ere, egunero bataz besteko 357 ibilgailuko trafiko intentsitatea du Izurdiagako trenbide-pasak, eta ibilgailuak hura ez zeharkatzeko dagoen segurtasun sistemak askotan izan ditu akatsak eta susto ugari izan dira. Azkenean, Nafarroako Gobernuak Sustapen Ministerioarekin eta Renfe/Adifekin sinatutako akordioari esker, 2015eko agorrila akaberan hasi ziren lanak. Abuzturako despeditu nahi dituzte lanak. Zubia eraiki dute, argiteria berria jartzen ari dira, hidroereitean dabiltza eta hemendik gutxira zolatze lanekin hasiko dira. Excavaciones Fermin Oses, S.L. enpresa ari da trenbide-pasa kentzeko lanak egiten eta euren truke 2.167.232,88 euro jasoko ditu (BEZa kanpo).

Ur hornidura hoditeria berritu
Eta horri lotuta, ur hornidura berritzeko lanak hasi ziren duela aste pare bat. Izurdiagako ur hornidura errepidetik doa. Bertatik pasatzen den zirkulazioaren eta, bereziki, kamioi eta ibilgailu pisutsuen eraginez nahikoa hondatuta zegoen errepidea eta baita ur horniduraren hoditeria ere. “Bi lanak egiteko Nafarroako Gobernua inplikatu nahi genuen, baina Herri Lan Departamentuak zorua berritzeko ardura hartu zuen, ez, ordea, hoditeria berritzearena. Guk lan guztia batera egin nahi genuen, ez duelako zentzurik asfaltatu berri dagoenean atzera ere dena puskatzea, hoditeria berritzeko. Eta, azkenean Arakilgo Udalak hartu ditu bere gain hoditeria berritzeko lanak. Lanak duela aste pare bat hasi ziren eta gero zolatze eta asfaltatze lanak egingo dira” azaldu digu Izurdiagako Kontzeju buru Luis Migel Beraza Ameztegik.

6.900 euroko aurrekontua
Izurdiagako Kontzejuak 2016ko aurrekontua onartu du. Kontzejuak 6.900 euro kudeatuko ditu aurten. “Aurten kontzeju etxearen konponketekin jarraitzeko zehaztu dugu aurrekontuaren zati bat. Orain arte udaletxeko brigaden bitartez lan batzuk egin ditugu: kontzeju etxeko zorua barnizatu, teilatua konpondu... Aurten komuna txukuntzea da asmoa. Kontzejuak materiala jarriko du eta Arakilgo Udalak langileak” aipatu digu Beraza kontzeju buruak. Ohiko gastuetara bideratuko da gainontzekoa. “Arakilgo Udalak urtero diru bat banatzen die kontzejuei, baina gurean hoditeria berritzeko lanak egiten ari direnez eta Satrustegin beste obraren bat, ez dugu diru hori jasoko. Hortaz, diru-sarrera hori ez dugu izango” gaineratu du Berazak.

Kontzeju buruak adierazi digunez, Izurdiagako Kontzejuaren asmoa datorren urteetan komunalean lan batzuk egitea da. Batetik, komunaleko bideak konpondu nahi dira eta, bestetik, kontzejuak larre bat alokatzen du, diru sarrera ia bakarra dena, eta eremu horretan inbertitu nahi du kontzejuak: itxiturak konpondu, sasi-garbitzeak, ur puntuak jarri…