Estetikaren zigorra

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2015ko ots. 6a, 08:00

Kultura ezberdinen arteko topikoen harira, Eguberrietan Marokora bidaia egin nuen, familia giroan. Nagusiki hiri inperialak izan genituen helburu: Chefchauen, Fes, Marrakech, Al-Jadida eta Asilah. Horietan denetan, gune turistiko eta herrikoietan ibili ginen. Ikusi genuen astoa garraiobide oinarrizkoa dela askorentzat; abiadura handiko trena izanen dute laster gutxi batzuentzat. Erdi Aroa eta Postmodernitatea. Non-nahi saltzaile nekaezinak, kaleetako trafiko zoroa eta txilaben kolore bizia. Zedro egur, espezia eta ogiaren lurrinen usain sarkorra. Mezkitako muezinaren otoitzerako dei sendoa ‘Allhu Akbaru’ eta kontu-kontalarien solas ozenak. Kuskus, tajina eta te-mentaren dastamen gozoa. Kaleko giro bizia eta neguko eguraldi epela, argitasuna. Zapiak, burkak eta estali gabeko buruak armonian. Eta, batez ere, jende alaia eta abegitsua aurkitu genuen; ez keinu edo begirada txar bat bera ere. Esperientzia ederra!

Fatima Mersini idazlea, intelektuala, eta feminista marokoarra da. Behin, mendebaldeko herrialde bateko arropa dendara joan eta kotoizko gona bat eskatu zuen, eta saltzaileak, hoztasunez, bere aldakak ez zirela 38 neurrian sartuko, handiegia zela. Handiegia norekin alderatuta? Gizena, nazkagarria eta ezdeusa sentiarazi omen zuen saltzaile argal eta mengelak. Fatima Mersinik dio, mendebaldean, estetikan oinarritutako bortizkeria sinbolikoak emakumeari kalte psikologikoa eta gutxiespena eragiten diola; Iran, Afganistan eta Saudi Arabiar bezalako muturreko gobernuek behartzen duten zapiaren erabilerak baino are handiagoa.

aingerumi@gmail.com