Artea Kalera

Erabiltzailearen aurpegia Argiñe Berastegi Lizarraga 2015ko aza. 13a, 08:00

Iruñeko Sarasate etorbidea arte galeria bilakatuko da urtarrilaren 10era arte. Bertan, Henry Moore Ingalaterrako eskultore famatuaren brontzezko 6 eskultura monumental izanen ditugu ikusgai. Museo bateko sarrera ordaindu gabe arteaz gozatzeko aukera ezin hobea.

Moore arte modernoaren eskultore nagusienetarikoa izan da, amatasuna eta giza gorputzaren abstrakzioa landu zuen artista. 1950. urtetik aurrera espazio publikoetan eskultura monumentalak egiten hasi zen, eta horietako adibide bat Gernikan topa dezakegu, Figura handia aterpean deituriko eskultura, hain zuzen. Moorek arte figuratiboaren eta arte abstraktuaren arteko aldeari eta bereizkuntzari muzin egin zion, biak batera landu baitzituen.

Antzinakoa da hiriko espazioan integratutako artearen ideia. Esfingeak eta gerlariak hirietako harresien eta bestelako tokien zaintzaile jartzen ziren, adibidez. Ideia hau berreskuratu nahian edo, Artea Kalean programa sortu zuen “la Caixa”-k orain urte batzuk.

Baina, programa honen izena irakurrita gogora datorkit Esnartu mugimenduak Iruñerrian 2007. urtean aurrera eraman zuen akzioa, Artea kalera/el Arte a la calle izenburupean. Izena ia berdina bada ere, erronka oso ezberdina dute bi hauek. Esnartuk aurrera eraman zuen akzio horretan Iruñerriako 40 iturri inguru arrosa koloreko margoz margotu zituzten, Udalak jarraitzen zituen kultura politikak salatzeko. Eta bertako Kultura eta Artistak baloratzeko aldarrikapena luzatu zuten orduan.

Artea denon eskura egoteko bidean, oraindik ere, artista gazte eta ezezagunok sufritzen ditugun espazioen eta errekurtsoen faltak kezkagarria izaten jarraitzen du. Sustatzen den  Arte modelo elitista honetan lekurik gabe jarraitzen baitugu.

Gazteok bide hau zabaltzeko erantzukizuna hartu behar dugu, denon artean lan eginez. Egunen batean artista gazte eta ezezagun baten eskultura monumentalak ikusi ahal izango ditugulako Iruñeko Sarasate etorbidean.