29ko herri-kontsultako galdera, erabakita

Erabiltzailearen aurpegia Eñaut Agirrebengoa Apaolaza 2015ko mar. 23a, 19:26

Galdeketa loteslea izanen da, eta Altsasun erroldatutako 16 urtez gorako biztanle guztiek izanen dute boza emateko aukera.

Altsasuko festen data aldatzearen inguruan hilaren 29an eginen den kontsultako galdera zein izanen den jadanik zehaztu da: Ados zaude Altsasuko festek beti irailaren 14a eta asteburu bat (ostirala, larunbata eta igandea) hartzearekin?Berau iragan igandean Burunda pilotalekuan egin zen batzarrean adostu zen. Bertan, bi proposamen nagusi egin ziren: bata, batzarrean adostutako guztia testu batean bildu, eta ondoren jendeari testuaren edukiarekin ados dagoen ala ez galdetzea, eta bestea, herritarrei galdera zuzen eta zehatz bat egitea. Bertaratutakoei testuaren formula nahasgarria izan zitekeela iruditu zitzaien, beraz, bigarren proposamena hobetsi zuten. Galderaren edukiari dagokionez, honen inguruan bat-etortzea guztizkoa izan zen, aho batez onartu baitzen festek beti asteburua eta 14a hartu beharko luketela.

Batzarrari Festa Batzordeko presidentea den Juanki Orellanak eman zion hasiera. Hark festen data aldatzearen aldeko argudioak eman zituen. Jakina denez, aurten festak domekatik ostegunera izanen lirateke betiko data (13tik 17ra) mantenduz gero, eta horrek, Orellanaren aburuz, “kalte handia” egingo lieke herriko festei.  “Astebururik gabe, festen konfigurazioa izugarri zailtzen da. Izan ere, festak soilik aste barruan izanda, jendearen parte hartzea askoz txikiagoa izango litzateke, eta kontzertuak eta gainontzeko ekintzak taxutzea ia ezinezkoa suertatuko litzateke”, azaldu zuen.

Festa Batzordeko presidentearen azalpenen ostean, batzarrera bertaratutakoek euren aburuak plazaratzeko aukera izan zuten. Batzuk herriko hainbat kolektibo eta talderen –Gaztetxea, Haize Berriak banda, Aralarko Mikel Donea Institutua, Festa Batzordea bera…-  izenean mintzatu ziren, eta beste batzuek euren iritzi pertsonala eman zuten. Gehienak festen data aldatzearen alde agertu ziren, aipatuz data mantenduta jende asko ezingo litzatekeela etorri, ekintza asko bertan behera geratuko zirela eta herriko ekonomia sustatzeko aukera on bat alferrik galduko litzatekeela. Edonola ere, data aldaketaren aurka agertu zenik ere izan zen, festak beti asteburuan izanda aste barruko egunak kaltetu eginen liratekeela argudiatuz.

Batzarrari amaiera emateko, 29ko kontsultan eginen den galdera erabakitzeari ekin zitzaion. Ideia aldetik bertaratutako ia denak bat zetozen, festek asteburua izatearen eta irailaren 14a hartzearen inguruan adostasun zabala lortu baitzen. Haatik, galderaren formulazioak arazoak sortu zituen, galdera bakarrean ideia asko sartu nahi izateak galdera biziki nahasgarri egiten baitzuen. Azkenean, aipatu bi ideiak (festek asteburua izatea eta 14a hartzea) barnebiltzen zituen galdera bat proposatu zen, eta jende guztiak begi onez ikusi zuen.

Hurrengo urratsa: 29ko galdeketa
Aipatu bezala, galdeketa domekan eginen da, Iortia kultur gunean. Bertan Altsasun erroldatutako 16 urtez gorako biztanle guztiek izanen dute botoa emateko aukera. Bi mahai egonen dira, bakoitza bere hautestontziarekin, eta bertara eraman beharreko gauza bakarra nortasun agiria da.

Festen dataren auzia herri galdeketa bidez konpontzea udalbatzak erabaki zuen aurtengo urtarrilean bertan. Lehenago, pasa den urteko abenduan, Parte-hartze Batzordeak aurtengo festak 10etik 14ra bitartean ospatzea proposatu zuen. Bilduk proposamena plenora eraman zuen baina gainontzeko taldeen artean adostasunik ez zegoenez, proposamena bertan behera gelditu zen. Gauzak horrela, Geroa Baik udalbatzan adosten zena ondoren herri galdeketan baten bidez berrets zedila eskatu zuen, eta udaleko talde politikoek zein Parte-hartze Batzordeak begi onez ikusi zuten aipatu planteamendua.

Horrela, bada, Haize Berriak banda, Gaztetxea, Zubi-ondo elkartea, Peñak, Burunda txirrindulari taldea, Trasteando, Zubi-ondo abesbatza, EHBildu, Geroa Bai, IU, PSN eta UPN data aldaketaren alde daudelarik, ondorengo urratsa herritarrek erabaki hori herri-kontsulta bidez onartu edo atzera botatzea da.
 
2009an ezezkoa nagusi
Igande honetan eginen den herri kontsultak aurrekari zuzen bat dauka: 2009an gai beraren inguruan egin zen galdeketa, hain zuzen. Aldi hartan ezezkoak aise irabazi zuen, 1776 bototatik 1436 data aldaketaren aurkakoak izan baitziren. Juanki Orellanaren aburuz, aurtengo kontsultan ez da baiezkoaren eta ezezkoaren artean horrelako alderik izango, aldi honetan gauzak hobekiago egin baitira: “Aurten batzar bat egin dugu argudio guztiak mahaiaren gainean jarri eta galdera erabakitzeko. 2009an, ordea, ez zen horrelakorik egin. Nire ustez, batzar ireki hau egiteak diferentzia markatuko du”.

Duela sei urte egindako galdeketak beste datu esanguratsu bat utzi zuen: boza ematera 6562 lagun zeuden deituta, baina horietatik soilik 1776 joan ziren botoa ematera, hau da, kopuru osoaren %27. Orellanaren ustez, aurtengo kontsultan izanen den parte-hartzea inkognita bat da. Dena den, bozketan parte hartzera herri guztia dagoela gonbidatuta azpimarratu du.