“Herritarrak urruneko arazoez kontzientziatzeko gakoa informazioa modu erakargarrian ematean dago”

Erabiltzailearen aurpegia Eñaut Agirrebengoa Apaolaza 2016ko mar. 11a, 08:05

Olaztiko Gazte Asanblada. Larunbatean Pakistango Baltistanen aldeko elkartasun eguna egingo dute.

 

1.-. Zein da elkartasun egunaren helburua?
Baltistango emakumeek arazo handiak izaten dituzte haurdunaldian zehar. Hainbat arrazoi medio, asko hil egiten dira. Orain ekografo bat erosi dute eta berau erabiltzeko bi pertsona trebatu nahi dituzte. Elkartasun egunaren helburua prestakuntza horretarako behar den dirua lortzen laguntzea da.

2.- Ekimena Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotu duzue?
Udalak programazio berezia egin du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, eta gure egitasmoa bertan sartu du. Hori oso ondo etorri zaigu. Dena den, egitasmoa ez dugu martxoaren 8arekin erabat lotu.

3.- Nola otu zitzaizuen jaialdi hau egiteko ideia?
Txaro Otxandorena olaztiarra Baltistanen izan zen bertako jendea laguntzen. Bueltatzerakoan, laguntza eskatu zien udalari zein gazte asanbladari. Guk baiezkoa eman genion, ideia ederra zelakoan. Horrela, elkartasun jaialdia antolatzea erabaki genuen, dirua biltzeko helburuarekin.  Zentzu horretan, uste dugu gaztetxearen borondatea nabarmentzeko modukoa izan dela, programazio guztia guk prestatu baitugu.

4.- Nolako egitaraua prestatu duzue?
Larunbat goizean Txaro Otxandorenak hitzaldia emango du gaztetxean. Horren ondoren, triki-poteoa egingo dugu, bazkalordura arte luzatuko dena. Ondoren bazkaldu, eta elkartasun bingoari egingo diogu tartea. Egunari bukaera emateko bokatada eta kontzertuak eskainiko ditugu. Egitarau osoa larunbatean sartu dugu, beraz, eguna gauzaz bete-beteta egongo da. Ea jendea animatzen den eta diru asko biltzen dugun.

5.- Asteazkenean ere Txaro Otxandorenak hitzaldia eman zuen Olaztin. Larunbatean emango duena desberdina izango da?
Bai; hizlaria berdina izango da, baina hitzaldia ez. Asteazkenean Baltistango bi emakumeek prestakuntza zergatik jasoko duten azaldu zuen bitartean, Gaztetxeko hitzaldian prestakuntza zertan datzan zehaztuko du. Bi hitzaldien artean lotura moduko bat dago, beraz, interesgarria da biak entzutea, informazio osoagoa jasotzeko.

6.- Antzeko zerbait lehenago antolatutakoak zarete?
Ez, lehen aldia da horrelako zerbait egiten dugula. Beraz, erronka polita da guretako.

7.- Lehen aldia izanda, prestaketa lanekin arazorik izan duzue?
Ez. Nahiko garbi izan dugu gauzak nola egin. Gazteen partetik inplikazioa ezin hobea izan da, eta halakotan gauzak nekez irteten dira oker. Hortaz aparte, eskertzekoa da izan dugun laguntza. Txaro Otxandorenak, esaterako, guretako baliagarriak izan diren aholkuak eman dizkigu. Era berean, Baltistan Fundazioak (Txaro bertako kide da) hasieran ere babesa eskaini zigun, esanez edozertan laguntzeko prest zeudela. Dena den, ondoren modu nahiko librean aritu gara, alegia, zer ekintza egin-eta guk erabaki dugu. Emaitza bezala egitarau erakargarri bat lortu dugu, beraz, pozik egon gaitezke.

8.- Jendea ekitaldietan parte hartzera animatuko dela uste duzue?
Espero baietz. Horretarako ahalegina egiten ari gara. Gaztetxez gaztetxe joan gara, egingo dugun elkartasun egunaz berri ematera, eta herrian kartelak jarri ditugu. Hortaz aparte, tabernetan itsulapikoak jarri ditugu, jendea ekarpenak egiten has dadin. Beraz, Olaztiko jendea jakinaren gainean dago, eta Sakanako jende askok ere badaki zer egingo dugun. Orain falta dena da erantzuna behar bezalakoa izatea.  
9.- Herritarrak, normalean, urruneko arazoekiko nahiko indiferenteak izaten dira. Horrelako jaialdiak dira, akaso, hori aldatzeko modu eraginkorrena.
Bai, dudarik gabe. Gakoa informazioa eta istorioak modu erakargarrian ematean dago. Gure kasuan gaia oso interesgarria da, eta egitarauak itxura ederra du, beraz, uste dugu jendeari asko gustatuko zaiola eta, era berean, Baltistango arazoez kontzientziatuko dela.

10.- Hasiera Baltistan Fundazioa aipatu duzu, Baltistango Hushe bailararen garapena bultzatzeko lanean diharduena. Nola baloratuko zenukete egiten duten lana?
Gogorra eta, modu berean, beharrezkoa den lana egiten dute. Baltistanen jendea egoera zailean bizi da, beraz, beharrezkoa da hara joan eta laguntza eskaintzeko pronto dagoen jendea egotea. Larunbateko jaialdiarekin beren jarduna babesteko gure aletxoa jarriko dugu.

11.- Fundazio honekin elkarlanean segituko duzue edo elkartasun eguna gauza puntuala izango da?
Aukera badago, eta laguntza behar badute, badakite gu prest gaudela edozertarako. Elkartasun jaialdia antolatzeko Gaztetxearen prestasuna guztizkoa izan da, eta ez dugu inolako arazorik etorkizunean horrelako zerbait errepikatzeko.