Enpresa txiki, familiar eta ibilbide luzekoa da gurea

Erabiltzailearen aurpegia Eñaut Agirrebengoa Apaolaza 2016ko uzt. 22a, 08:05

Ainhoa Ganuza, Ganuza Anaiak enpresako langilearekin elkarrizketan.

1.- Zer eskaintzen du Ganuza Anaiak enpresak?

Gaur egun gehienbat sukaldeak, komunak eta horma armairuak eskaintzen ditugu, denak zein denak neurrira eginak.

2.- Sukaldeak dira zuen espezialitatea. Zergatik?

Aita eta osaba (enpresaren sortzaileak) sukaldeetan zentratu ziren hastapenetan, eta eraikuntzaren sektorea garai oparoa igarotzen ari zenez, sukaldeekin aurrera egitea erabaki zuten. Hortaz, sukaldeak gure produktu izarra direla esan daiteke, hasieratik enpresaren ardatza izan baitira. Dena den, esan bezala gaur egun gure eskaintza sukaldeetatik harago doa: bainugelak, logelak eta horma armairuak ere eskaintzen ditugu.

3.- Zein da zuen filosofia?

Enpresa txiki, familiar eta ibilbide luzekoa da gurea. Merkatuko marka onenekin lan egiten dugu, gure zerbitzuan kalitatea bermatze aldera. Gure helburua bezeroa erabat pozik gelditzea da, eta horretarako kalitatearen alde apustu egiten dugu.

4.- Zer alde dago zuen enpresaren eta konpetentziaren artean?

Guk fabrikazio propioa daukagu. Dena neurrira egiten dugu. Horrek konpetentziatik ezberdindu egiten gaitu, bezeroak erakartzea errazago eginez. Dena kanpotik egina ekarriko bagenu, gure nortasuna galdu, eta bezero gutxiago izango genituzke. Ekoizpen propioaren eta kalitatearen aldeko apustuan dago gure arrakastaren giltza.

5.- Zuen produktuak zein motatako bezeroentzat daude zuzendurik?

Denetariko bezeroak ditugu jomugan: gazteak, helduak, familiak, bakarrik bizi diren pertsonak… Produktuak ez ditugu bezero mota jakin batentzat ekoizten. Gure eskaintza etxebizitza duen pertsona orori dago zuzendurik.

6.- Bezeroak gehienbat Sakanakoak dira, edo bailaraz kanpokoa denik ere bada?

Gehienak sakandarrak dira, baina Goierri ingurutik ere jende asko etortzen da, baita Agurain aldetik ere. Denda soilik Etxarrin daukagu, baina esan bezala, Sakanaz kanpoko bezeroak ere baditugu. Gure ustez, horrek gure produktuak kalitatezkoak direla eta jendeari gure zerbitzua erakargarria suertatzen zaiola erakusten du.

7.- Nolakoa da ekoizpen prozesua?

Lehenik bezeroa guregana etortzen da, proposamen eta neurri batzuekin. Guk horrekin aurrekontu bat egiten dugu. Bezeroak aurrekontua onartzen badu, bere etxera joaten gara neurriak hartzera. Behin neurriak ditugula, fabrikazio prozesuari ekiten diogu. Prozesu honetan altzariak neurrira egiten dira, oztopo eta hutsune guztiak saihestea posible eginez. Horrela, altzariak espaziora erabat egokitzen dira.

8.- Enpresa zure aitak eta osabak sortu zuten. Nola sortu zitzaien halako proiektu bat abiatzeko ideia?

Enpresa sortu aurretik zurgintza lantegi batean zeuden lanean. Bertan ez zeukaten aurrera egiteko aukera handirik, eta azkenean euren kabuz enpresa bat sortzea erabaki zuten, sukaldeen ekoizpen eta salmentan oinarrituko zena. Lehenik eta behin tailerra sortu zuten, eta ondoren denda. Geroago almazena etorriko zen. Hastapenak ez ziren errazak izan, zerotik hastea beti baita gogorra, baina pixkanaka aurrera egitea lortu zuten.

9.- Geroztik hiru hamarkada daramatzazue ekinean. Garai on eta ez hain onak ezagutuak izango zarete.

Bai. Nik pertsonalki garai onik ez dut ezagutu, baina urte hauetan guztietan halakoak ere izan dira, bai! Lehen bezeroak euren kabuz etortzen ziren gure produktuak erostera. Orain, ordea, alderantziz gertatzen da: bezeroen bila joan beharra dago, produktuak saltzera. Eraikuntzaren sektorea ongi zegoenean salmentak aise lortzen ziren, baina krisiak erabat aldatu du egoera.

10.- Horrekin batera, krisi ekonomikoak darabiltzazuen materialetan ere eragina izango zuen.

Bai. Materialari dagokionez aldaketa nabaria izan da. Lehen egur asko jartzen zen, orain material merkeagoak erabiltzen diren bitartean. Horrez gain, krisiaren aurretik sukaldearen egituran elementu gehiago egon ohi ziren. Orain sukaldeek egitura sinpleagoa dute. Eta ez soilik guk erabakita: bezeroek ere hala izatea eskatzen dute.

11.- Nola egin diozue aurre halako egoera bati?

Alde batetik, bi langile jubilatu egin ziren. Horrela, langile kopurua seitik laura murriztu genuen. Horrez gain, bestelako kostuak ere murriztu ditugu. Esaterako, lehen prezioak ez genituen begiratzen, eta orain bai. Gerrikoa estutu behar izan dugu aurrera egin ahal izateko. Eta eskerrak ibilbide luzeko enpresa bat garen. Izan ere, bidea eginda izateak asko lagundu digu urterik zailenetan.

12.- Pixkanaka egoera hoberantz doala ikusten duzue?

Une honetan egoera nahiko aldakorra bizi dugu. Gorabeheratsua. Kolpeka goaz. Hilabete onak kateatzea zail dago. Egoera gehiegi hobetu denik ezin daiteke esan.