guaixe.eus

“Asiako liztorrari aurre egiteko garai hoberena udaberria da”

Erabiltzailearen aurpegia   Gizartea
“Asiako liztorrari aurre egiteko garai hoberena udaberria da”
Floren Beraza erlezaina erlanutzaren ondoan lanean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Duela hamabi bat urte iritsi zen Asiako erlamina Europara. Frantziatik sartu omen zen, eta, dagoeneko, kontinente osoan hedatu da. Sakanara iritsi da ere. Floren Beraza erlezaina da eta azken urteetan Asiako liztorraren aurkako neurriak hartu behar izan ditu erleak zaintzeko. Udaberri hasiera da Asiako erlaminak harrapatzeko garai hoberena. Beraza laster hasiko da tranpak prestatzen.

Asiako erlamina asko daude gure inguruan?
Bai. 2005ean hasi ziren Frantziako kostaldean, Burdeos inguruan. Asiako edo Txinako ontzi batzuetan etorri omen ziren eta hortik zabaldu ziren. Gaur egun Europa ia osoan dago. Hemen hasi zen kostaldetik sartzen, Etxalar inguruan. Gainera, toki oso baxua da eta hezetasuna eta epeltasuna oso ongi etortzen zaio. Duela bost edo sei urte iritsi ziren. Irurtzun aldetik azaldu ziren. Ni Nafarroako Erlezainen Elkartean nago, eta liztorrari aurre egiteko neurriak pentsatzen hasi ginen orduan. Harrapatzeko modu bat esan zuten eta begiratzen hasi ginen.

Hasieran esaten zuten kabia lehenbailehen harrapatu behar zela erlamina gehiago ez hedatzeko. Traba nahikoa da?
Uste dut urtero hamar kilometro baino gehiago ibiltzen direla, orduan kolonizatzen joaten dira. Beraien metodoa da: udazkenean kabi handiak egiten dituzte, laurogei zentimetro edo metro bateko diametroko habiak egiten dituzte zuhaitzen puntan. Hor bi mila eta hiru mila ale tartean egoten dira. Eta udazkenean uzten dute hori. Baina hortik ateratzen diren liztorrak helduak dira, ernaldutak daude eta negua talde txikietan edo banaka pasatzen dute. Suposatzen da neguan asko hiltzen direla. Horregatik, leku epeletan errazago ateratzen dira, kostaldean-eta. Horregatik, kostaldetik Galiziaraino iritsi dira.

Udaberrian negua pasa duten ale horiek ernalduta daudenez, erreginak dira, eta zuhaitzen azpian edo behean kabi txiki bat egiten dute. Eta arrautzak jartzen dituzte. Larbak ateratzen dira eta janaria behar dute. Orduan, jana bilatzera joaten dira erlamin berriak aurrera ateratzeko eta erleak ehizatzera joaten dira. Hori da lehenengo fasea.

Gero, hortik ateratzen diren erlaminak, zuhaitzaren puntara joaten dira eta kabi berri bat sortzen dute. Kabi berria elikatzeko erlaminak ateratzen dira. Horregatik, esaten dute garrantzitsua dela erlaminak udaberrian harrapatzea, erlamin berri horiek harrapatzen dituzulako. Lehenengo prozesu horretan harrapatzen baduzu, kabi berri bat kentzen duzu. Horregatik, udaberrian ateratzen hasten direnean jarri behar ditugu tranpak. Udazkenean ere egin daiteke, baina nahiko hedatuta egonen da.



Kabiak, beraz, zuhaitzetan jartzen dituzte.
Bai. Hasieran behean eta gero puntara joaten dira. Hogei metrotara-edo. Orduan kentzeko zaila da. Gainera, hostoen artean ez da ikusten eta arbolaz-arbola begiratzen joan behar zara. Eta noiz ikusten dira ongi? Udazkenean, hostoak erortzen direnean. Baina, orduan, prozesua dagoeneko egina dute. Alferrik da harrapatzea. Harrapatzen bada hobe, baina hor ez daude. Alde egin dute.

Zergatik dira hain arriskutsuak Asiako erlaminak?
Asiako erlaminek erleak jaten dituzte elikatzeko. Erleen bila joaten dira. Itxoiten egoten dira eta erlea janariarekin etortzen denean, motelago hegan egiten duenez, harrapatzen dute eta bazter batera joaten dira. Burua kentzen diote eta beste guztia jaten dute, polena eta guzti. Bordelen hasi zen zabaltzen, eta bertan mahasti pila bat daude. Udazkenean erlamin horiek mahatsak jan zituzten. Orduan konturatu ziren zerbait gertatzen zela. Eta administraziotik horri aurre egiteko zerbait egin behar zela esan zuten. Bordeleko ardoa oso garrantzitsua delako. Udazkenean asko jaten dute.

Esperientzia txarraren bat izan duzu?
Bi gauza. Alde batetik, erlaminak erleak jaten dituztela, eta, bestetik, erleak oso biziak direla. Orduan badakite arerio bat dagoela eta beldurrez daudenez ez dira ateratzen. Beraien artean mezua bidaltzen dute, eta ez dira ateratzen. Nafarroako hegoaldean ere erlastarra dago eta horrelako zerbait gertatzen da ere. Beraz, erleek holako arriskua ikusten dutenean ez dira lanera ateratzen. Eta ez badute biltzen, ez dago janaria eta ez dira hazten; edo, behintzat, gutxiago hazten dira. Momentu honetan pentsatzen dute denborarekin aurre eginen dietela. Harrapakari bat da, eta erleak ez daude aurre egiteko prestatuta. Gainera, janari gutxi ikusten badute erlaminak barruraino sartzen dira ere. Babes moduan erlamin bat erlauntzan sartzen bada erle guztiak biltzen dira liztorraren inguruan eta berotasuna sortzen dute. Erlamina horrela hiltzen da. Erle baten bat ere hilko da, baina aurre ateratzeko modu bat izan daiteke. Baina oraindik ez dakigu nola ariko diren.

Eta momentu horretan ezin duzu ezer egin?
Oso azkarrak eta indartsuak dira. Erleak baino hiru edo lau aldiz handiagoak dira eta, gainera, oso gogorrak dira. Noizbait bat harrapatu dut eta zapaltzerakoan ez da txikitzen.  

Zer egiten duzue Asiako erlaminak harrapatzeko?
Oso erraza da. Plastikozko botila bat hartu, goiko aldeari buelta eman eta leiho bat egin behar da. Barruan ahabia zukua, ematen du oso ona dela; ardo txuri bat eta garagardoa sartu behar da. Erleak ez dira sartzen eta liztorrak sartzen direnean ito egiten dira. Besterik gabe. Aurten orain hasiko naiz. Tranpak jartzeko garaia da.

Asiako erlaminek epeltasuna behar dute bizitzeko. Baina, posible litzateke klima berrietara egokitzea?
Nik pentsatzen dut hainbeste zabaldu egin direla etortzen diren lekuko klima hemengoaren antzekoa delako. Neguak ez dira hain gogorrak. Hemen gauza berri bat denez, ez dituzte harrapakaririk eta askoz gehiago zabaltzen dira. Jaun eta jabe dira.

Hasieran nahiko alarma piztu zen.
Espezie kolonizatzaileak dira. Urtero pixka bat hedatzen dira. Biziraupena ziurtatzen joaten dira. Hasieran kabi bat ikusten zenean suhiltzaileek kentzen zuten, baina gobernuak esan zuen suhiltzaileen lana ez dela hori. Eta saiatu dira dron batekin ere. Baina, jakina, nik esaten dut dronak eta ongi daudela eta bere lana egiten dutela. Kabian sartzen dira eta pozoia botatzen dute. Eta akatzea lortzen badute oso ongi. Baina udazkenean, kabiak ongi ikusteko aukera dagoenean, berandu samar dela uste dut. Barruan larbak egonen dira, baina beste guztiak joan dira.

Gizakiongan arriskua dago?
Printzipioz, animalia guztiek bezala. Animaliak ez dira gure etsaiak. Nik entzun dut Afrikako erleak, Hego Amerikan eta daudenak, talde osoa zure atzetik joaten dela. Baina, bestela, erleek ez dute eraso egiten. Erleak defenditzen dira. Haien etxera asko hurbiltzen bazara, erasotuak sentitzen dira, eta orduan defenditzen dira. Erlaminak berdina egiten dute.

Erleendako, gainera, nahiko uda gogorra izan omen da.
Udaberrian hezetasun handia egon zen. Euri langarra eta horrela. Orduan erleek ez dute lan handirik egiten. Baina garaia denez, erreginak arrautzak jartzen ditu eta asko daudela ikusten dutenez banatu behar dira. Horrela, erlauntza berri bat eginen da eta guztiondako jana izanen dute. Erregina berria sortzen denean hori hartzen duzu eta kutxa berri batean sartzen duzu. Eta gosez hiltzen ziren. Udaberriko hezetasunaren ondoren uda oso lehorra izan zen. Nik ez nuen pentsatu, baina ez zuten jana biltzen eta urte oso kaxkarra izan zen. Sakana nahiko gune zaila da haiek hezetasuna behar dutelako, hezetasunarekin loreak loratzen direlako eta, horregatik, da hain garrantzitsua udaberria. Baina, beste aldetik, eguzkia behar da ere. Euria dagoen bitartean loreak ixten dira, erleak ez dira jana bila ateratzen eta ez dira indartzen. Hemendik hamar kilometrotara beste mundu bat da. Baina, nahiz eta uzta handia ez atera, izugarrizko mesedea egiten diozu ingurugiroari. Polinizazioa hor dago eta ezin da ukatu. Haien lana egiten dute.

Eta kasu horietan, zer egiten duzue?
Azukrearekin eta urarekin egiten da elikagaia. Nik normalean ez dut erabiltzen. Nahiko artifiziala da. Beste erremediorik ez badago, eta oso ahulak badaude, nolabait lagundu behar diezu. Baina puntualki egiteko da.



Asiako erlamina dela, lehorteak, gizakia... erleak arriskuan daude?
Nik ez dut hainbeste sakondu gai horretan. Baina pentsatzen dut dela animali bat 20.000 urtetan ez dela aldatu. Animalia guztiak nolabait aldatu dira eta egokitu dira. Baina erleak ez; komunitate perfektua osatzen dute. Bai erlamina dela, baita barroa ere... Barroarena oso gogorra izan zen. Barroa parasito bat da, 1980ko hamarkadan sartu zen eta Italiatik etorri omen zen. Erleek arrautzak jartzen dituztenean, barroak leku berdinean jartzen ditu. Orduan, erle berriak jaiotzen direnean dagoeneko parasitoa daukate. Ez dira behar bezala hazten. Ez dira handitzen. Erleek lan asko duten garaian, udan 45 egun bizirauten dute; neguan hiru hilabete. Eta etengabe berritzen dira. Hainbat lan egiten dituzte: emaginak, soldaduak, zelatariak, janari bila joatea... Eta horretarako kopuru dezente behar da: 5.000-10.000 inguru. Barroa badute eta kopuru hori jaisten bada, ezin dute aurrera egin. Ni mendian ikusten nuen bat edo bi erlauntza eta hurrengo urterako desagertuta zeuden. Hala ere, erleei lehengo lekuetara itzultzea gustatzen zaie. Esploratzaileak bidaltzen dituzte eta normalean aurretik egon ziren tokia aukeratzen dute. Horregatik, esaten da erleak bizirauten badira erlezainei esker izanen dela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak