guaixe.eus

"Oso gutxirekin bizitzea posiblea dela ikasi dugu"

Erabiltzailearen aurpegia   Gizartea

Eduardo Brun eta Raul Serrano
Brun forjakoak.

1. Saharan egon zarete. Zer egin duzue bertan?
Rabounin egon ginen. Berez ez da kanpamentu bat. Saharako administrazio gune bat da, bertan azoka, ospitalea eta Gobernuz Kanpoko Erakunderen (GKE) guneak daude -janaria banatzeko biltegiak, kamioiak, eta abar-. Soldadura ikastaroak eman ditugu, baita hainbat pieza produzitu ditugu ere; eskailera batzuk, lanerako eserlekuak... Bi aste inguru egon ginen.

2. Norekin joan zineten?
Saharako administrazio gunean bi GKEk lan egiten dute: Iruñeko ATTSF eta Frantziako Triangle. Iruñekoa gurekin harremanetan jarri zen eta soldadura ikastaro bat egiteko eskatu zigun.

3. Ikastaroak interesa piztu zuen?
Hogei bat pertsonek parte hartu zuten, bi txandatan, goizean eta arratsaldean. Adin guztietako pertsonak zeuden. Gazteenek hogei bat urte izanen zituzten eta zaharrenak berrogeita hamar inguru. Orokorrean, oso gustura egon ziren. Bukatu genuenean inkestak egin zituzten eta GKEkoek esan ziguten beldurra zietela inkestei eta guztiz kontrako: dena 9 eta 10. Esaten zuten praktika gehiago egin nahi zutela, irakasle horiekin ikastaroarekin jarraitu nahi zutela... Soldatzen badakite, baina gehiago behar dute.

4. Zergatik parte hartu zuten ikastaroan?
Bertako langileak dira. GKEek duten guneetan lan egiten duten sahararrak dira. Aurretik soldatzen zekiten, baina oso gutxi. Kontuan izan behar da kamioi bat konpontzen dutela, eta bertako errepideetan ibili ondoren, hamabost bat egunetan dagoeneko apurtzen da berriro. Beraz, ikasi behar zuten hobe soldatzen konpondutakoa gehiago irauteko. Ikastaroarekin hasi aurretik maila proba bat egin genien eta gutxi gorabehera soldatzen zekitenarekin produzitzen hasi ginen; besteekin hutsetik hasi ginen. Kuban ikasi omen dute askok hitzarmen bat zutelako-edo. Gizon heldu batek esan zigun berak ez zuela eginen nahiago zuelako gazteek egitea, gazteak denbora gehiago egonen zirelako han eta gehiago aprobetxatuko zutela. Mentalitatea guztiz desberdina da.

5. Ikasitakoa praktikan jarriko dute?
Bai, dudarik gabe. Esan bezala gehiago egiteko gogoarekin gelditu ziren. Gehiago ikasi nahi zuten. Oso pozik gelditu ziren. Han guztiek soldatzen dakite, baina oso azkar egiten dutenez, ez dute ongi soldatzen. Hori falta zitzaien.

6. Materialak, tresneria eta abar zuek eraman zenuten?
GKEek erositako materiala eta tailerrean aritu ginen. Tresneria ere erosi zuten, baina oinarrizko gauzak dira, ez dute eskuadrarik ere. Materiala berria erosten zuten baina iristen zenean burdina tolestuta eta oxidazioz beteta zegoen. Harrigarria zen, berria erosi eta egoera horretan iritsi. Guk gure segurtasun materiala eraman genuen bakarrik.

7. Nola bizi dira?
Gu gune horretan geunden eta kanpamentuak ondoan zeuden, baina ez geunden bertan instalatuta. Beraz, ezagutu genuen baina ez nahikoa benekoa errealitatea ezagutzeko. Baina ikusi genuena da ez dutela ezer, oso gutxirekin bizi dira. Lurzorua lurra, harea eta harria da. Ez dute iturriko urik eta orain elektrizitatea jartzen hasi dira. Oso prekarioa da. Kableak lurretik daude eta txoko batean lurrean harri batzuk ikusten dituzu eta kableak bertatik pasatzen direlako da, kotxeak gainetik ez pasatzeko. Eta, aldiz, dutena ematen dute. Oso jende atsegina, jatorra... da. Gainera, oso lasaiak dira.

8. Nola zen zuen egunerokotasuna bertan?
Gune horretatik tailerrera eta tailerretik gunera. Segurtasuna oso handia da duela urte batzuk bi edo hiru boluntario bahitu zituztelako eta, horren ondorioz, guneen inguruan harresiak egin dituzte eta 19:00etan barruan egon behar ginen, bestela, bilatze protokolo izugarria jartzen zuten martxan. Dena dela, beti norbaitekin joaten ginen. Sahararrak kontratatzen dituzte txofer moduan, guk ezin genuen gidatu.

Oso erraz galdu zaitezke bertan dena berdina delako. Haimak, etxetxoak eta harea. Ostiraletan eta larunbatetan dute jai eta ostiralean kanpamentu batera eraman gintuzten haima batera tea hartzera-eta, baina, larunbatean berriz lanera, denbora aprobetxatu nahi genuelako. Nahiko genuke zertxobait ikustea eta ezagutzea baina ikastaroa ematera joan ginen, eta horretara egon ginen. Baina segurtasuna gehiegizkoa dela iruditu zitzaigun, nahiz eta normala izan.

9. Esperientzia polita izan da, beraz.
Kontrolarena kentzen badugu, oso esperientzia polita izan da. Esperientzia guztiarekin gelditzen naiz. Gainera, politena da dakizuna behar duen jendeari erakustea. Dakizulako erabiliko dutela. Aprobetxatuko dutela.

10. Itzuliko zarete?
Gustatuko litzaiguke. Bai, itzuliko ginateke. GKE jendea bertan bizi da ia-ia. GKEak ikusi beharko dute zer iruditzen zaien. Haiek oso pozik gelditu ziren, eta soldatzen dakiten arren, oinarrizkoena egiten dakite. Beraz, makinaria berria eramaten badute-edo gu joateko prest gaude.

11. Zuek zerbait ikasi duzue?
Oso gutxirekin bizitzea posiblea dela. Iturriko urik gabe, basamortuaren erdian, eta beti irribarrea ezpainetan dute. Hemen kexatzeagatik kexatzen gara, hori ikasi dugu ere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak