guaixe.eus

Ikerketan gehienetan probatzea da, azkenean ateratzen den arte

Erabiltzailearen aurpegia   Gizartea

Bionanoplus enpresako langilea.

1. Biokimika ikasi zenuen eta, ondoren, biomedikuntza masterra ere egin zenuen. Zertan dautza zure ikasketak?
Galdera zaila. Gauza asko sartzen dira nire ikasketa honetan, biokimikan. Biologiari buruzko guztia ikasten dugu, hau da, animaliak, landareak eta pertsonak. Ni gehienbat pertsonetan zentratu naiz. Eta hori guztia kimikoki nola dauden eginak aztertu egiten dugu: molekula, zelulak... begiz ikusten ez diren gauza txiki horiek guztiak nola egiten duten lan. Mikroskopioekin ikusten diren gauzak. Biomedikuntza masterra egin nuen karrera egiten nenbilenean, eta proiektua bi urtetan egin nuen, urte batean egin beharrean. CIMAn egin nuen eta asko gustatu zitzaidan ikertzea. Proiektua parkisonaren inguruan egin nuen. Neurozientzietara bideratu nuen nire ikerketa, parkinsona gaixotasun neurodegeneratiboa bat da-eta, eta masterra egitera animatu nintzen eta oso gustura egin nuen.

2. Masterra bukatu ondoren Bionanoplus enpresan lanean hasi zinen. Zer da Bionanoplus?
Iruñeko enpresa txiki bat da, 2010ean sortutakoa, eta produktu pila bat eta oso desberdinak garatzen ditugu. Nanopartikuletan oinarritutako produktuak dira. Enpresak bi patente ditu: gantref eta zeina. Bi polimero dira eta polimero horiekin gauzak berestali daitezke. Gauza naturaletatik hasita, oregano-olioa, esaterako, botika sortu arte. Ibuprofenoa esaterako, edo minoxidiloa, merkatura atera den produktua. Gure polimeroak botikaren barruan sartzen ditugu eta molekula horiek pixkanaka-pixkanaka ateratzen joaten dira. Horrela lortzen dugu dosi gutxiagorekin efektu bera lortzea. Orduan, medikamentuetan txarrak diren efektuak gutxiagotzen dira. Eta hori garrantzitsua da.

3. Eta zein da zure lana?
Ikerkuntza eta garapen lanetan nabil. Bi gauzetan. Bi bide dauzkagu: guk produktuak hasieratik egiten hasi ideia berri bat sortu zaigulako, edo, bestela, kanpoko enpresak etortzen dira eta zerbait behar dutela eta garatzeko eskatzen digute. Orduan guk hori ikertzen hasten gara eta gure teknologien bidez produktu horiek sortzen ditugu. Nire ikasketekin zerikusi handia du lanak eta oso pozik nago. Biokimika egitera sartu nintzenean pentsatzen nuen kanpora joan beharko nintzela lan egitera, hemen Nafarroan enpresa gutxi daudelako, baina masterra bukatu eta hamabost egunetara hasi nintzen lanean Bionanoplusen. Amets batean nabil oraindik. Ezin dut sinetsi.

4. Nola da botika bat sortzeko prozesua?
Errezeta bat prestatzearen modukoa da. Gauzak nahastean zerbait ateratzen den arte. Ez da erabat horrela, izan ere, zuk badakizu zer nahasten ari zaren, gauza bakoitza zertarako den eta nahastu dezakezun ala ez. Baina, gutxi gorabehera, horrela da. Ikerketan gehienetan probatzea da, azkenean ateratzen den arte.

5. Produktu bat kaleratu berri duzue.
Regaxidil deitzen da. Ilea ez erortzeko eta lokartuta dauden folikuluak berpizteko produktua da. Hortaz, ilea berriz ateratzeko produktu bat da. Burusoil baldin bazaude, ilea berriz izango duzu. Ez da guztiz magikoa baina nabaritzen da, eta frogatuta dago. Kalean dago jada, baina formula berria deiturikoa eskatu behar da. Zaharra ez dugu nahi, berria behar dugu; hobeturikoa. Gizonezkoendako eginiko produktu bat da. Emakumeek ere hartu dezakete baina kasu horretan dermatologoarengana joatea gomendagarria da. Minoxidiloaren portzentaia altua da eta emakumeetan efektu ez oso onak izan ditzake. Beraz, mediku baten jarraipena izan beharko dute.

6. Nola izan da botika hau sortzeko prozesua?
2011n hasi ginen produktu honekin. Bagenekien merkatuan behar bat zegoela. Regaxidil bat merkatuan bazegoen, baina osagai bat zeukan larruazalerako oso ona ez zena, azkura sortzen zuelako eta larruazala gorritzen zuelako. Orduan, guk proposatu genuen produktu bera sortzea, baina osagai hori gabe. Erronka oso zaila zen eta azkenean gure teknologiarekin lortu genuen. Guk birformulatu egin dugu eta gure teknologiaren bitartez, nanoges deiturikoa, hobetu dugu. Duela lau urte inguru Ifc enpresa handiari saldu zitzaion eta orain heldu da merkatura. Proba pila bat egin behar dira merkatura heltzeraino. Guk hartu behar dugun botika bat da, kasu honetan krema antzeko bat. Proba asko egin behar dira eta horrek denbora asko eramaten du. Kostata baina azkenean merkaturatu dugu. Enpresarendako asko suposatu du produktu hau kaleratzeak. Urte pila bat eman ditugu talde osoak lanean, enpresa osoak. Produktua ateratzen dela ikusten duzunean poza ikaragarria da. Enpresarendako produktu bat kaleratzea beste pausu bat ematea da.

8. Beraz, kasu honetan produktu baten birformulazioa egin duzue, baina gerta daiteke gauzak nahasten ari zaretela eta produktu berri bat sortzea?
Bai, askotan gertatu da. Zientzian gehienbat. Gainera, behar bat badago merkatuan, zuk behar horri produktu bat sortu nahi diozu. Ez da aurretik merkatuan produktu bat egon behar, produktu hori berritzeko edo birformulatzeko. Zerotik hasi gaitezke eta gauza berri bat sortu. Gure kasuan ez dugu aurkitu holako formula oso berezi bat, baina nahasketak eginez probatzen duzu eta espero ez zenuena gertatzen da. Nahasketa horren ondoren, espero ez zenuen zerbait aurkitu, aurrera jarraitzen duzu, eta azkenean pentsatuta ez zeneukan gauza bat ateratzen da. Gure laborategian sartzen zara eta edalontzi pila bat daude, batidorak... sukalde bat dirudi.

9. Produktu gehiago merkaturatu dituzue?
Merkatura bakarrik hau heldu da. Baina produktu pila bat dauzkagu. Soriasiarendako, azkurendako... Hor gabiltza produktu gehiago ateratzen eta ikertzen. Espero dut hemendik gutxira besteren bat ateratzea. Hor gabiltza, baina ezin da ezer esan. Momentuz sekretua da.

10. Regaxidil ikertzen sei urte inguru pasa dituzue. Ikerketa guztiak berdinak dira?
Produktu berriaren sorkuntza horrek urte bat gutxienez, eta hortik merkatura ateratzea produktu motaren arabera gutxiago edo gehiago. Produktu kosmetikoa baldin bada, gutxiago kostatzen da gutxiago frogatu behar delako. Botikara heldu behar baldin bada, segurtasun kontuak oso garrantzitsuak dira eta prozesu horrek asko irauten du.

11. Zuek egiten dituzue segurtasun kontrol horiek?
Batzuk bai eta beste batzuk kanpora eraman behar izaten ditugu. Gu ez garelako gai horiek aurrera eramateko. Adibidez, larruazalarekin egindako entseguak eta kontrolak guk egin ditzakegu, baina pertsonekin egiten direnak zentro espezializatu batek egin beharko ditu. Entsegu kliniko horiek egiteko pertsonak hartzen dituzte eta produktua denbora tarte batean frogatzen dute. Efektuak nahi direnak diren edo ez ikusten da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak