KAXUBIARRAK ANDRA MARI IKASTOLAN

Erabiltzailearen aurpegia Andra Mari Ikastola 2015ko api. 17a, 12:28
Baztango Ikastola, hurrengo Nafarroa Oinezeko antolatzailea, 2009ko Etxarriko Nafarroa Oinezean abiatutako Txikiak handi proiektuarekin jarraituz, Poloniako iparraldeko Kaxubia zonaldearekin harremanetan dago. Proiektu horrek hizkuntza gutxituen aldarrikapena eta beraien arteko sarea osatzea ditu helburu. Urtez urte proiektuan sartu diren hizkuntza gutxituen kopurua handitzen joan da eta aurten kaxubieraren txanda da.

Kaxubia Poloniako iparraldean dago, Baltiko itsasoaren kostaldean, eta kaxubiarrak 250.000 inguru dira. Haien ama hizkuntza kaxubiera da, eta bere egoera kaxkarra da. Euskarak azken hamarkada hauetan egindako bidea dute oinarri berreskuratze prozesuan.

Azken egunetan Baztango Ikastolak ekarrita Kaxubiako hizkuntza eta kultura bultzatzen duen “Kaszëbskô Jednota”  (Kaxubiarren Batasuna) elkarteko sei laguneko ordezkaritza Euskal Herrian ibili da. Bisita ugari egin eta Korrikaren amaieraz gozatzeaz gain Andra Mari Ikastolan egon dira DBH 2ko ikasleekin. Topaketa ingelesez burutu da eta bi herri desberdinen arteko elkar ezagutza bultzatzea izan du helburu.

Bisita hau oso baliagarria izan da DBH 2ko ikasleentzat, izan ere, Erasmus + programaren eskutik maiatzaren azken astean Kaxubia ondoko Elblag herriko ikastetxe batera joateko aukera izango baitute.

Erasmus + Europar Batasunetik hezkuntzan ematen diren beka garrantzitsuenak dira. Aurten Andra Mari ikastolak lortu du Europako beste zortzi zentroekin batera aurkeztu duen proiektua aurrera eramateko aukera. Bi ikasturtetan zehar, Polonia, Austria, Hungaria, Errumania, Italia, Portugal, Lituania eta Greziako ikastetxeekin elkarlanean arituko dira DBH 2ko ikasleak. “In the paradise garden of Europe” izeneko proiektuaren xedea, Europan ezezagunak diren baina xarma berezia duten espazio naturalen mapa bat osatzea da. Ingelesez burutzen ari diren lan honetan, Sakanako bizitza, kultura, ohiturak eta hainbat espazio natural aztertuko dituzte, ondoren ikastetxe kideekin partekatzeko asmoz.

Guzti honengatik, galdera mordoa erantzun behar izan dituzte Kaxubiako ordezkaritzako kideek, izan ere, ikastolako ikasleek jakin min handia baitzuten hemendik hilabetera bisitatuko duten tokiaren inguruan nahiz Kaxubiarren kulturaren inguruan. Dudarik gabe guztiontzat oso esperientzia aberasgarria!