Altsasuko jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Galder Gonzalez 2015ko urt. 30a, 08:01

Lehen kanpoan bizi bazinen gutxitan enteratzen zinen herrian gertatzen ziren gauzez. Orain, teknologiari esker, askoz errazagoa da eztabaidak jarraitzea, gertakariak ulertzea eta azken albistearen berri edukitzea. Eta ez da bakarrik Guaixe edo Hitzondo, badira ere sare sozialak, Whatsappa eta bestelakoak. Informazioa jasotzeko bideak anitzak dira, eta guztietan badago zer jaso.

Sarearen bidez jaso dut Altsasuko jaien data aldaketaren inguruko eztabaida. Lehenengo albiste bidez, eta gero interpelazio zuzen bidez Twitterren. Kanpoan bizi garenok ere disfrutatu nahi izaten dugu herriko jaietan. Eta ez da erraza. Aurten izango dituen datekin, igande batean hasi eta asteazken edo ostegun batean bukatuta zinez ezinezkoa dela txupinazoaz gain beste ezertaz disfrutatzeko. Eta ez naiz bakarra: geroz eta gutxiago dira, tamalez, Altsasun lan egin eta, beraz, jai-egunak har ditzaketenak lanean. Geroz eta gehiago dira kanpora joan behar direnak eta ezingo dutenak jaietan parte hartu. Gogora ekarri nahi dut: jaiak parte hartzeko dira, ez bertan egoteko.

Aspaldi komentatu nuen, agian jaien inguruko aurreko polemika egon zenean, ikasleek geroz eta zailago izango zutela jaiez disfrutatzea. Begira Bologna Prozesuak egin duen mina Unibertsitateko ikasleen artean. Begira, bestela, ze zaila den LH ikasten dutenek 4 egun galtzea. Begira, bestela, zein zaila den unibertsitario bat taberna batean kontratatzea ikasten egon behar badu.

Ezingo dut bozkatu, jada ez bainago Altsasun zentsatuta. Bai eskatuko nizueke jaiak parte hartzeko direla uste duzuenei bi aldiz pentsatzea gaur egungo eredu finkoak sortzen dituen arazoak, herritarrengan (zergak ordaindu eta disfrutatu ezin dutenengan) zein negozio ezberdinetan (bezerorik gabe, langilerik ez!). Jaien inguruko eztabaida berriro irekitzeko garaia da, dogmatismorik gabe, aukera guztiak mahai gainean jarrita. Guztiona dena, guztiok disfruta dezagun.