Hegazkinak, hegaldiak eta buruhausteak

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Kontsumitzaileak 2014ko mai. 2a, 06:00
Hegalaldiekin gorabehera franko gertatzen dira zoritxarrez.

Izan ere, kontratuen nondik norakoak, azken orduko prezio igoerak, ekipajeekin gertatzen diren ustekabeak, atzerapenak eta bertan beherakoak arazo iturri dira askotan, eta hegazkin konpainiak ez dira nabarmentzen horrelakoetan ongi erantzuteagatik.

Arazoak arazo, atzerapenak eta bertan beherakoen inguruan jakin beharreko hainbat kontu aipatuko dugu. Izan ere, hegaldia bertan behera uzteak edo berandu abiatzeak kalte dezente sortzen ditu.

Edozein kausa dela eta hegaldia atzeratzen bada hegazkin konpainiak otorduak, lo egiteko hotela, garraioa eta bi komunikazio aukera eman behar die bidaiariei, baita ahalik eta lasterren helmugara abiatzeko aukera ere. Nolanahi ere, atzerapena 5 ordutik gorakoa bada bidaia bertan behera utzi, dirua itzuli eta abiapuntura eramateko aukera eman behar die bidaiariei, txartelen dirua itzulita jakina.

Atzerapenak gertatzen direlarik Legeak ez ditu bertan behera utzitako hegaldiendako dauden diru-konpentsazioak aurreikusten, ez zuzenak behinik behin. Hala ere horrek ez du esan nahi kaltetuek kalte-ordaina eskatzeko eskubiderik ez dutenik. Bai Europako Arauak bai mundu osoan indarrean dagoen Montrealeko Hitzarmenak ere eskubide hori aitortzen diete bidaiariei kontratu urraketak gertatzen badira, edozein dela ere. Horren harira, Europako Justizia Epaitegiak esana du atzerapena 3 ordutik gorakoa bada hegazkin konpainiek konpentsazioendako aurreikusitako diru-sariak ordaindu behar dituztela.

Esan bezala, Europatik abiatuta edota Europara programatutako hegalaldia bertan behera gelditzen bada Europako Legeak diru-konpentsazioak aurreikusten ditu, kilometro kopuruaren arabera zehazten dituena. Aipatutako diru-konpentsazioak zuzenean hegazkin konpainiek ordaindu behar dituzte, saihestu ezinezko arrazoiak daudela ez, bertan beherakoak gertatzen badira.

Hain zuzen horregatik hegazkin konpiniek saihestu ezinezko arrazoiak egon direla aruidiatzen dute askotan ez ordaintzeko. Ba, horri buruz Europako Justizia Epaitegiak esan du hegazkinaren derrigorrezko errebisioan atzeman litezken akatsak ez direla nahikoa saihestu ezinezko arrazoiak argudiatzeko eta hegazkin konpainiek beren jarduerak eskatzen duen diligentziaz jokatu beharra dutela.