Berme epean

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Kontsumitzaileak 2014ko eka. 20a, 06:00
Kontsumitzaileen Legeak dionez erosten ditugun gauzek bi urteko bermea dute, hau da erositakoa kontratuarekin bat ez datorrenean bi urte ditugu erreklamatzeko.

Kontratuaren urraketa egonen da baldin eta produktua ez bada saltzaileak erran duen bezalakoa, espero eta behar bezala ez badaiteke erabili edo halako artikuluei dagozkien ezaugarriak ez baditu. Hala ere saltzaileek batzutan erantzukizunari muzin egiten diote.

Saltzaileak batzutan erantzukizuna fabrikantearengan jartzen badu ere, kontsumitzaileak jakin behar du saltzailea dela erantzun behar duena eta, azken batean, erreklamazioa berari egin behar zaiola.

Kontsumitzaileak konponketa edo aldaketaren artean aukera dezake eta ezin bada kontratua bertan behera utzi edo akatsa ezagututa ordainduko luken arabera prezioa murriztu. Hala ere askotan dendariak erosleari konpontzea bertze aukerarik ez dio ematen, aldaketa gehiegizko dela argudiatuta. Dirua bueltatzea gehiegizkoa noiz den Legeak ez du azaltzen; hori dela eta zer egin daiteke kasu bakoitzean begiratu behar da. Baino ez dugu atzendu behar ere konponketa kontsumitzaileari kalte eragin gabe egin behar dela.

Bertze afera gatazkatsu bat berme-epea da. Legezko bermea bi urtekoa bada ere, sei hilabete eta gero kontsumitzaileak zailtasunak aurkitzen ditu saltzaileak bezeroa derrigortzen duelako erantzukizuna saltokiarena dela frogatzera. Horretarako adituen txosten bat behar da eta saltzaileak amore ez badu ematen batzuetan auzibidera jo.

Dudarik gabe, erreklamatzeko oinarrizkoa da erosketaren faktura gordetzea eta, produktua berme barruan konpontzen edo berri batengatik aldatzen bada, horrela adierazten duen froga dokumentala jasotzea.
Iratxe kontsumitzaile elkartea