Black is Beltza

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Asensio 2015ko ira. 11a, 08:00

Fermin Muguruzak proiektu berria sortzen duen bakoitzean, beti pizten du jakin-mina bere lana miresten dugunon artean. Normalean, musika izaten da garrantzitsuena, baina oraingo honetan komikia dugu protagonista. Lana aurrera eramateko, Harkaitz Kano idazlearen eta DR. Alderete marrazkigilearen laguntza ezinbestekoa izan du Ferminek. Hiruren arteko elkarlanak sortu du Black is Beltza komikia, munduko toki ezberdinetan 60. hamarkadako iraultza kultural eta sozial ezberdinak ardatz duen kontakizuna.
Istorioa Iruñeko erraldoiak New York-era bidaiatu zireneko anekdota du abiapuntutzat. Nik neuk ere ez nekien hori 1965. urtean gertatu zela, ez eta erraldoi amerikarrak (hau da, beltzak) Iruñean geratu zirela, Ipar Ameriketako gizarte zuria asaldatuko zelakoan. Testuinguru horretan Manex gure protagonistak, bazterketarekin ados ez dagoenez, bere iraganarekin lotuko duen bidaia hasteko erabakia hartzen du, bere aita brigadistaren pausoak nolabait jarraituz.

Bere bidaian, Ameriketako kultura beltzaren datuak aurkeztuko dizkigu lehenengo zatian. Mohamed Ali, James Brown, Malcom X... agertuko zaizkigu, Fermin Muguruzaren musikan eragina izan duen kulturaren deskribapena. Eta berehalakoan politikarekin ere nahastuko da dena, garai hartako iraultza ezkertiar ezberdinen elkarlanak eta eraginak azalduz. Che Guevara, Pantera Beltzak, Canadako iraultza, Argelia... Gure Manexek erlazionaturik dauden toki ezberdinetara bidaiatu beharko du, emandako hitza betetzeko. Bidean, eleberriari zaporea emateko edo, abentura sexualak, parrandak, atentatuak eta baita drogak ere azalduko zaizkigu.

Interesgarria deritzot hiruren artean egindako lana, batez ere bildu diren datu interesgarriak direla eta, bai iraultza kulturalei buruzkoak bai iraultza politikoei buruzkoak, baina kontakizunaren garapenean askotan etenaldi eta salto nabarmenak trakeski egiten direnaren sentsazioa geratzen zait irakurle bezala. Komikizalea izanda gogoz irakurri dut lana, baina nonbait piezaren bat falta zaio kontakizuna guztiz borobiltzeko. Ezin jakin marrazkigilearen falta den, ilustrazioetan bai baina komikietan esperientziarik ez duelako, edo eleberria sortzerakoan datu gehiegi sartu nahi izatean, kontakizuna herdoildu eta ez den normaltasunez sortzen. Hala ere, garai hartako kultura eta egoera sozialaren erradiografia bikaina deritzot, irakurtzeko oso interesgarria den komikia.

Irailean, Iruñeko Gotorlekuko komiki topagunean erakusketa zabalik izango da Black is Beltza egiteko lan taldeak bildu duen dokumentazio askorekin. Bertan ikus-entzunezko materiala, marrazkiak eta dokumentuak ikusgai daude, komikiaren lehenengo zatia egiteko erabili zutena.