Kawaii metal

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Asensio 2015ko abe. 11a, 08:00

Olentzero gertu etorriko da, eta arruntena berriro ere komikien inguruan gomendioak egitea izango litzateke, baina ezin izan dut. Japoniako kulturaren inguruan dabiltzan zenbait bitxikeriaren berri izan dut, eta nola ez, zuei kontatu behar.

Aspaldidanik dute ‘idol’ fenomenoa Japonian. Hau da, abeslari bat edo musika talde bat miretsi, eta beraien jarraitzaile amorratuak bihurtu. Erlijio baten moduko fasea pasa behar dutela dirudi. Noizbait, japoniar guztiek honelako pertsonaia bat miretsi behar dutela esan nahi dut, alegia. Kontzertuetara joan, ‘merchandising’ guztia erosi, non dabilen jakinda hara joan ikusteko aukera izateko...

Musika abeslari famatu gehienak  pop abeslariak dira. Erraz asko ikasten diren kantak (likatsuak), dantza erraz eta xaloak… tira, askotan hemen entzun ditugun ‘Asereje’ edo ‘Macarena’ abestietatik ez oso urrun. Baina azken aldi honetan, fenomeno hau heavy musikarekin ere nahastuz joan da, eta ‘kawaii metal’ izeneko generoa indarrez iritsi zaigu globalizazioari esker. Metal edo musika estilo oraindik ilunagoak, janzkera viktoriarrez lagunduta eta askotan frikismo arraroenarekin nahastuta sortu egin da generoa.

Talde ugari izanda, batzuk serioski dabiltza musika landuz eta genero berri honekin lanean, hala nola 'Band-maid', bost emakumez osatutako taldea, 2013. urtean jaio eta gogoz dabiltzanak beraien janzkera viktoriarrekin musika polita egiten. Baina beste batzuk, arrakasta lortu dezaketela ikusita, generoa berdin izanda diru bila dabiltza, eta baita lortu ere. Ladybeard izan daiteke talde frikiena, non Australiatik iritsi zen borrokalari bat dugun protagonista. Jakin, borrokalari bezala, gezurretako borroketan aritzen zela emakumez jantzita, eta ospea izan ondoren, musikan ere saiatu da beste bi neskatxekin.

Eta erdian, Ladybaby bezalako taldeak daude, hiru emakumez osaturiko talde komertziala, ‘idol’ fenomenoaren adibide argi bat. Hiru da talde komertzialen zenbaki miragarria, abeslari bat eta bi dantzari koroak egiteko. Beraien letrak ere argi uzten dute beraien seriotasuna. Beraien abesti famatuenak, ‘GimiChoko!!!’ honela dio:
Emaidazu txokolatea!
Txokolate pixka bat jan dezaket?
Baina nire pisuak pixka bat arduratzen nau gaur egun.
Berdin du, txokolatea. Pixka bat jan dezaket?
Baina itxaron... itxaron, itxaron, itxaron

Dena metal musika atzetik entzuten dela eta estetika ilun baina aldi berean xamur batez mozorrotuta. Kasu hauetan gehien harritzen nauena, beraien bideoak ikustean, kontzertuetara doan jendearen joera da, hala ere. Zer esan nahi dudan ulertzeko, ikusi behar.

Gure ikuspuntutik, argi dago japoniarrak erotuta daudela.