Milakotxu urdindarra

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2017ko ots. 10a, 08:06

kolaboratzaileak

On Jose Maria Satrustegi noizean behin Altsasura hurbiltzen zen eta bertako azken euskaldunekin biltzea gustuko zuen, euskararen inguruan egiten ari zen ikerketak dokumentatzeko asmoz. Oso heziketa onekoa zen, ikasia, euskara garbia beti ezpainetan eta, apaiza izan arren, emakumeekin oso atsegina izaten zekiena. Nire izekoren iritziz, “un caballero”.

Urdiain, jakina, ongi ezagutzen zuen hango apaiza zelako.  Zer esanik ez, Arruazu (sorterria) eta Sakana osoa. Ezeren gainetik maite zituen. Bihotza ongi errotua zuen bere ama lurrean.
Altsasuri buruz zuen ikuspegia oraingo askok ezagutu beharko lukete haien lotsarako. On Jose Mariaren iritziz Altsasu herri abegikorra zen guztiz. Euskara galtzen ari zen, bai, eta hori mingarria zitzaion berari, baina, beste alde batetik Altsasuk zeukan hiri kosmopolitaren itxura hark ere erakartzen zuen aldi berean: leku askotako jendea hainbat lekutatik etorriak. Ez zen eta ez da herri itxi bat. Orain Nafarroa lur anitza dela esaten dugunean, kontuan hartu behar dugu halaxekoa izan dela Altsasu menderen mendetan (edo gutxienez industrializazioa, fundizioa eta trena iritsi zirenetik). Ez dugu ezer berririk asmatu.

Urte haietan, pasa den mendearen 60ko hamarkadan, Nafarroako Foru Aldundiak euskara sustatzeko argitaratzen zuen “Bianako Printzea” aldizkarian idazten zuen eta behin baino gehiagotan eman zuen gure herrien berri. Eta horretara noa. Altsasu eta Urdian ongi ezagutzen zituen eta haien arteko haserre handiak ere bai. Beti borrokan! Guztiz normala aldameneko herrien artean. Gauza jakina da Altsasu eta Urdiainen artean beti gora-beherak egon direla San Pedro baselizaren jabegoagatik, batzuok haiena dela eta besteok ebeina. Izatez ere, elizaren erditik doa bi herrien muga. Sarrera Altsasukotik du eta Urdingoan aldarea. Kontua da aldizkari horretako artikulu batean beste liskar ezezagunago baten berri eman zuela.

Berak idatzi zuenez, egun batez Altsasuko alkatea joan zen Urdiaina, mugarria lekutik aldaturik zegoela esanez. Urdindarrak ezetz eta besteak baietz, han ez omen zen biderik ikusten. Dena dela, orduan arazo bat gertatzen zelarik ez zuten zibilen beharrik, inori ez zitzaion bururatzen haiei deitzea. Ezta pentsatu ere! Urdiainen Milakotxuri hots egiten zioten orduan. Gurutzearen gainean eskuak jartzen zizkioten eta galdetu besterik ez zuten egia jakiteko:
-         Jainkoaren izenean, esan mugarri hori mugiturik dagoen edo ez.
-         Ez! Oraindo ez duela denbora asko, horren gainean jan nuen nik naskia. Bere lekuan dago.
Ogi zuria aberatsen gauza zen eta naskia, berriz, pobreen janaria. Arto-irinez egindako ogi buruhandi bat. Milakotxu urdindarrak justizia banatzen epailek baino hobeki zekien. Altsasukoak kalera!