"Medikuen lanaren osagarri gisa elkartea oso garrantzitsua da"

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2015ko urt. 16a, 08:00

Kontxi Mendiluze
Nafarroako Parkinson elkarteko kidea

1. Zergatik erabaki zenuen Nafarroako Parkinson elkarteko kide izatea?
Hasiera batean, hau erabaki nuen nire senarrak parkinson gaixotasuna duelako. Urte asko daramatzat elkarte honetan lanean eta harreman estua dugu. Altsasun elkartearen ordezkaritza bat  sustatzea gustatuko litzaidake. Hala eta guztiz ere, Parkinson gaixoendako fisioterapia ekintza  antolatzen dugu, astearte eta ostegunetan, 16:00etan izaten da. Elkartea indartzea eta jende gehiago gerturatzea da gure asmoa, bazkide gehiago lortzea. Eskualde honetan, egia esan, parkinson gaitza jasaten duen nahikoa gaixo dago.
2. Nola dago antolatuta elkartea?
Probintzia bakoitzean elkarte bat ala gehiago daude, jendearen eta lekuaren arabera. Federazioa elkarte guztiak biltzen dituen erakundea izanen litzateke.

3. Elkarteak babes handia ematen dizue?
Nik parkinsona duen mundu guztiari elkartera gerturatzeko gomendatuko nioke. Kontaktuan jartzeko, bazkide egiteko aukera badute primeran ere, baina gutxienez gurekin harremanetan egotea da garrantzitsuena. Elkarteak jarraibide asko ematen ditu, informazioa. Gaixotasuna momentuz ez da sendatzen, elkarteak ere ez du sendatu behar, baina gutxienez laguntza handia ematen digu. Medikuek beren lana egiten dute, eta gaixotasuna tratatzera mugatzen dira, elkartea horregatik gehigarri gisa oso garrantzitsua da. Elkartea honetarako bizi da eta honetan lan egiten du soilik. Musikoterapia, fisioterapia, logopedia, edota eskulanak bezalako jarduerak antolatzen dituzte. Gaixoen bizitza errazten duten ekintzak dira alegia.

4. Zer nolako egoera dago Sakanan parkinsonaz hitz egiten dugunean?
Sakanan ehun bat gaixo egonen dira, baina bazkideak kasu honetan bi gara soilik. Gaixoen datuen babesa sekretupean dago beraz, jakin dezakeguna entzundakoaren araberakoa izan ohi da. Noizbait pertsona batzuen kasuak entzuten ditugu eta gutxi gorabehera horrela izaten dugu gertatutakoaren berri.

5. Zer eragiten du parkinsonak?
Parkinsona gaitz neurodegeneratiboa da, aurrera egiten duena, eta ezgaitasuna sortzen duena. Ez da larria, adibidez, jendea ez duelako hiltzen, orokorrean gaixoak ez dira parkinsonarekin hiltzen. Gaixotasun hau duen norbait beste pertsona osasuntsu bat bezain beste bizi daiteke, baina ezgaitasun egoera guztiz betetzen da. Gutxika-gutxika zure eguneroko gauzak egiteko arazoak dituzte eta menpeko pertsonak bihurtzera iristen dira.

6. Batez ere egunerokotasunean izaten dituzte arazoak?
Hasiera batean, gaixotasuna duten pertsonak nahiko ongi mantentzen dira baina denborarekin gauza okerrera doa. Geroz eta pertsona menpekoagoak bihurtzen dira eta, alde horretatik, ondoan gaudenok laguntza handia eskaintzen dugu.

7. Ostiral honetan zuhaitz landaketa bat egin behar duzue, nortzuk zarete antolatzaileak?
Federazioa, Ingurumena eta Altsasuko Udalaren artean antolatu dugu. Kolaborazio bat egin nahi izan dugu eta jendearen egunerokotasunean sartu. Honen bidez, parkinsona duten pertsonen isolamenduarekin bukatu nahi dugu, gaixo egoteagatik ez direlako gizartetik kanpo geratu behar. Beste edonor bezala etxetik atera eta harremanetan egon behar dira eta hori da elkartetik sustatu nahi duguna. Landaketa ostiral honetan izanen da Dantzalekun, 11:00etan. Udalak ehun bat zuhaitz landatuko ditu eta elkarteak berriz, hamabi.

8. Balore sinbolikoa eman nahi diozue zuhaitz landaketari?
Zuhaitz batek mantenu bat behar du, parkinsona duen gaixo batek ere behar duen bezala. Mantenua eta arreta behar ditu. Horregatik, balore sinboliko horrekin jokatu nahi izan dugu gure egoera deskribatzeko baliatu daitekeelako. Ingurumenari dagokionean, guztioi eragiten digu ingurugiroak eta zuhaitz landaketa batek, iruditzen zaigu neurri batean, lagundu egiten duela.

9. Nori zuzendua dago zuhaitz landaketa?
Hasiera batean Iruñetik jendea etorriko da, eta Sakanan parkinsona duen jendea ere hurbilduko da. Enrique Zelaiaren laguntza izanen dugu bere akordeoiarekin, eta nahi duena gerturatu daiteke, jarduera irekia da.    

10. Beste jardueraren bat egin duzue?
Beste urte batzuetan Done Jakue bideko etapak egin ditugu, eta horietako batzuetan parte hartu dut. Jarduera asko egiten dira, azken finean gure helburua parkinson gaixotasunaren ezagutza da. Jendearengana iritsi nahi dugu ezjakintasuna alde batera uzteko, orokorrean ez baitago informazio askorik.

11. Erakunde publikoen aldetik nola sentitzen zarete?
Egia esan ez dugu laguntza askorik jasotzen. Ezgaitasun handia duten pertsona batzuen kasuan murrizketak direla eta laguntza guztiak kendu egin dizkiete. Laguntza gutxi zeuden bere garaian, baina gaur egun ia denak kendu egin dituzte. Kasu batzuetan arreta jarraitua behar duten gaixoak daude, eta momentu honetan ezer gabe geratu dira.