“Ume batek asko ematen dizu, bete egiten zaitu”

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2015ko mar. 13a, 08:05

Elena Andueza: Bisila GKE-ko kidea.

1. Zergatik erabaki zenuen Bisila erakundean parte hartzea?
Jendeari laguntzea buruan izan dudan zerbait izan da beti. Gure egoera kontuan harturik oso zortedunak gara, ia denetarik dugu, bai ekonomikoki edota beste hainbat esparrutan ere. Horregatik, nire aldetik, ekarpen bat egin nahi nuen, zerbait ematea zen nire asmoa nahiz eta txikia izan. Ni baino baldintza txarragoetan bizi den jendea dago eta beraiei laguntzea garrantzitsua iruditzen zait.

2. Nola iritsi zinen erakunde honetara?
Egunkariaren bidez izan nuen Bisila Gobernuz kanpoko erakundearen berri. Umeen harrera egiterako orduan, bai udako egonaldirako, baita ikasketetarako, edota osasun zerbitzuetarako, beharrezkoa da erakunde baten barruan egotea izapide ugari egin behar direlako eta horiek aurrera eramaten, kasu honetan Bisilak, asko laguntzen gaitu. Dokumentazio lanaren inguruan askoz ere gehiago dakite erakundekoek eta hori guretzat oso lagungarria da. Hemen, paper asko bete behar ditugu, haurrak etortzen diren herrialdean, Ekuatore Ginean ere bai. Urte asko daramate lanean gai honetan, eta norberak lan hau bakarrik hartzen badu, askoz ere zailagoa da. Hortaz, Bisilarekin kontaktuan egonda bidea asko errazten da.

3.Zein eremutan egiten du lan Bisilak?
Nafarroa mailakoa da bai. Nafarroako herri desberdineratara etortzen diren haurrak Ekuatore Gineakoak dira lehen esan dizudan moduan. Iruñerria mailan gehiago mugitzen da, hala ere, Nafarroa osora zabaltzen da.

4.Noiz hasi zenuen esperientzia hau?
2011n lehen aldiz etorri zen haurra guregana. Urtez urte egoera desberdina izan dugu, batzuetan legeak eta arauak aldatu egiten direlako. Horren ondorioz, batzuetan zailtasunak izan ditugu dokumentazioarekin, baldintzak ez direlako berdinak izan. Azken finean Gobernuak eskatutakoari lotuta gaude eta arauak bete egin behar ditugu gure asmoa aurrera eramateko. Adibidez, 6-8 urtetik gorako umeak etor daitezke soilik, haur hauek beren familiak haien herrialdean dituzte, eta kontrol handia dago prozesu honetan.

5.Umeen harrera egiteko hainbat aukera daude, ezta?
Orokorrean udako egonaladiak izaten dira. Aurretik finkatutako denboraldi bat pasatzen dute udaran familia baten konpainian eta gero beren herrialdera bueltatzen dira. Beste alde batetik, ume batzuek ikasketa egonaldiak egiten dituzte. Hau da, ikasturteak irauten duen denbora Nafarroan egoten dira, eta oporretan Ekuatoriar Gineara itzultzen dira familiarengana. Azkenik osasun zerbitzua behar dutenenen kasua dago. Ebakuntza ala tratamentu bat  jasotzera etortzen badira, prozesu hori bukatutakoan ere beren etxera itzultzen dira.

6. Sakana mailan zenbat ume datoz?
Bisila erakundearekin Sakana mailan bakarrik nik ekartzen dut haur bat. GKE gehiago daude eta agian beste batzuekin harremanetan jarriz egonen da norbait, baina egia esan ez dakit. Haur hauek adibidez, Ekuatoriar Gineatik datoz, baina badakigu Saharatik ala Txernobiletik datozen haurren harrera egiten dela.

7. Aldaketa handia ikusten al diozu haurrari hemen egonaldia pasa eta gero?
Zerbait argi utzi nahi dut, ume hauek oso pozik etortzen dira, baina itzuli ere bai. Gu haien udako familia gara, baina beraien familia erreala Ginean dago eta hori lehen momentutik dakite. Maila emozionalean gurekin egoten den umea oso maitakorra da. Lehenik etortzen denean, pediatretan ibiltzen gara osasun zerbitzua behar duelako batzuetan. Gaizki elikatuta dator bere herrialdetik eta horren ondorioz osasun arazoak eduki ditzake. Elikadura baldintzak asko aldatzen dira, Ginean soilik egunean behin jaten dute, beraz hona iristen direnean ahalik eta hobekien elikatzen saiatzen gara. Han adibidez, ez dute haragirik, barazkirik, ala frutarik eta horrelako elikagaiak jaten dituztenean asko eskertzen dute.

8. Zer baldintzatan bizi dira Ekuatoriar Ginean?
Haur guztiak Malabo eta Bata hirietatik etortzen dira. Orokorrean gehienak auzuneetan bizi dira, eta ez dituzte hemengo baldintza berdinak.Guraso askok lanordu luzeak dituzte eta haurrek denbora dezente bakarrik pasatzen dute. Bakarrik egoteaz gain, denbora asko kalean pasatzen dute eta haur bakoitzak ahal duen moduan aurrera ateratzen du bizitza.

9. Nola funtzionatzen du Bisilak?
Erakundeak umeei zuzendutako laguntza kudeatzen du. Malabo eta Bata hiriburuetan haurren egoeraz arduratzen den pertsona bat dago eta hara iristen den laguntza arduradun horrek banatzen du. Azken finean, han dagoen pertsonak ume bakoitzaren beharrak bere begiekin ikusten ditu eta laguntzaren banaketa hori bere esku geratzen da.  Hemen, haurren harreraz gain, bazkide egin daiteke, eta diru kopuru batekin ezinbesteko elikagaiak ziurtatzen zaizkie Ginean. Laguntza mota asko daude, bakoitzak ahal duen neurrian egin dezakena erabaki dezake.

10. Nola sentitu zara esperientzia honekin?
Oso ongi, oso ongi. Guk asko ematen diogu haurrari, maitasuna, arreta. Bestetik, ume batek asko ematen dizu, bete egiten zaitu. Bere jarrera ikustea, bere portaera ekarpen handia da guretzat, zoriontasun handia ematen digu. Guk egindako lanak fuituak ematen dituela ikusi egiten dugu, egia esan zaila da sentimentu hau azaltzea.

11. Nola jarri gaitezke harremanetan Bisilarekin?
Bai alde batetik bi telefono dauzkagu, 65356110 eta 69665534 eta harremanetan jartzeko kontaktuak Begoña izena du. Helbide elektronikoa hauxe da, asociacionbisila@hotmail.com