“Gaur egungo autoak garai hartan hartu izan banitu, beste modu batera izanen litzateke guztia”

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2015ko urr. 2a, 08:05

Jose Luis Goikoetxea, Auto gidari ohia.

1. Urbasako igoeran parte hartu zenuen Sakanako lehen gidarietakoa izan zinen?
Ni ez nintzen bakarra izan igoera hartan, nirekin batera Jose Ignacio Sunsundegik parte hartzen zuen ere. Sunsundegi ziurrenik ni baino lehenago hasi zen parte hartzen auto frogetan, ni hasiera batean berarekin mekaniko lanetan aritzen nintzen. Bere kotxea konpontzen nuen, frogatu egiten nuen igoeretan lehiatzen zenean.

2. Beraz autoekiko zaletasuna Sunsundegirekin lanean arituta sortu zitzaizun?
Bai, berarekin lanean nenbilen garai hartan eta hori dela eta hasi nintzen mundu honetan pixka bat sartzen. Lehen esan dizudan moduan, autoa konpontzen laguntzen nion, berak helarazi zidan azken finean zaletasuna. Lehehenengo, Nafarroako autoen elkartean bazkide egin nintzen, eta gero nire autoa prestatzen saiatu nintzen ahal  nuen moduan. Garai hartan egia esan ez zen batere erraza horrelako kirol batean aritzea, oso garestia zelako.

3. Gaur egun kirol hau hain garestia izanda, nola moldatzen zinen orduan?
Momentu hartan tailerrean lan egiten  nuen nik, eta hantxe irabazitako guztiak autoa prestatzen gastatzen nituen. Oso, oso garestia da gaur egun autoen mundua eta urte haietan ere berdin. Esfortzu handia egin beharra zegoen honetan aritzeko asmoa baldin bazenuen. Beranduago, gainera, familiarekin oraindikan gastu gehiago, pentsa dezakezu ez zela batere erraza izan.

4. Ze auto erabiltzen zenuen?
Auto ugari izan nituen. Lehenengoa 4x4 bat izan zen, gero SEAT bat izan nuen Bartzelonan egindakoa. R8 bat ere izan  nuen ondoren, auto dexente izan nituen urtez urte. Kirol honetan beti ibili izan da diru asko duen jendea, horien autoak, gaur egun bezala, askoz ere maila hobeagokoak ziren, guk gure baliabideekin ahal genuena egiten genuen.

5. Garai hartan ohikoa zen kirol honetan aritzea?
Ez, egia esan ez. Niretzat ohikoa zen mundu horretan mugitzen nintzelako eta baita lana ere beraiekin egiten nuelako. Tailerrean lanean aritzen nintzen eta horren ondorioz, erlazio handia nuen auto gidariekin, batez ere Sakana mailan ibiltzen zirenekin. Susundegiri kotxea konpontzen nion, eta bitartean nirearekin ere bueltaka ibiltzen nintzen beti.

6. 1968-ko Urbasako igoeran zuk parte hartu zenuen ezta?
Bai, aldi hartan hor izan nintzen. Nirekin batera kopilotu bezala emaztea etortzen zen, eta urte hartan gainera ez gindoazen soilik bi autoan hiru baizik, semeetako bat amaren sabelean zegoen Urbasako igoera horretan. Nafarroako ia leku gehienetan nire emaztea izaten zen kopilotua.

7. Familiak zer pentsatzen zuen zaletasun honen inguruan?
Nirekin ez ziren batere sartzen, oso independientea nintzen jadanik eta ahal nuen neurrian nahi nuena egiten  nuen. Lehen esan dizudan moduan, kirol hau beti oso garestia izan da eta urte haietan gehiago. Zaila zen honetan aritzea, baina gogoak izanda beti ateratzen ginen aurrera alde batetik ala bestetik.

8. Asko aldatu da hamarkada hauetan autoen mundua?
Gaur egungo autoak garai hartan hartu izan banitu, beste modu batera izanen litzateke guztia. Beti ibili izan naiz mundu honetan eta gertutik jarraitu ditut aldaketa gehienak. Horregatik diot, garai haietan izaten genituen baldintzak eta gaur egungoek zerikusi gutxi dutela. Segurtasun aldetik batez ere, aldaketa oso nabaria izan da, antolaketa aldetik ere zeresanik ez.

9. Anekdotarik ba al duzu?
Bai, bai, asko eta asko kontatzeko. Noizbait ibaira eta dena erori gara autoarekin, beraz pentsa dezakezu denetarik pasa zaigula. Hasieran, Sunsudegirekin ibiltzen nintzen kopilotu lanetan, eta denetarik gertatzen zitzaigun. Gainera momentu hartako kotxeak, segurtasunak, ez dauka inongo zerikusirik gaur egungo egoerarekin.

10. Aurtengo Urbasako igoerako kartelak argazki berezia du ezta?
Bai pasaden urtean igoera antolatzen dutenenkin hitz egin genuen hirugarren igoera egin zeneko urteko argazkiak genituelako. Argazki desberdinak begiratu zituzten eta horietako bat aukeratu zuten aurtengo kartela egiteko. Irudian agertzen den autoa, nik hirugarren igoera hartan erabili nuena da.

11. Zure zaletasuna, ez da soilik zuregan gelditu, ezta?
Ez, semeak ere badu zaletasuna, aurtengo igoeran berak parte hartuko du. Nik dagoeneko adinagatik utzi dut pixka bat. Baina zaletasuna, eta autoekiko munduaren barrruan beti ibili izan naiz, bai lanagatik, tailerrean egon naizelako bizi osoa eta autoekiko zaletasun hori ere beti mantendu dudalako.