“Zure barne hausnarketak egiteko eta norberaren baitako pentsamenduak aurkitzeko, zoragarria da bakarrik bidaiatzea”

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2016ko mar. 4a, 10:00

Juan Antonio Risco: Motorzalea

 

1 Noiz hasi zinen motoen munduan?
Oso gaztea nintzenetik gustatu izan zaizkit motoak. Hamasei edo hamazazpi urte nituela hasi nintzen zaletasunarekin. Lanean hasi nintzenean, Londresera oporretarako joateko gordeta nuen diruarekin nire lehenengo motoa erosi nuen, Ossa markako trialeko bat izan zen. Hogeita hiru urte arte Gasteizen erositako lehenengo moto horrekin ibili nintzen. Garai hartan futbolean aritzen nintzen, eta kirolean irabazitako diruarekin errepidean ibiltzeko moto bat erosi nuen.

2 Txapelkeltetan parte hartzen al zenuen?
Ez, inoiz ez. Zaletasunagatik egin dut beti. Zenbat eta gehiago erabiltzen nuen,orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan bi gurpildun garraio honetan ibiltzea. Kanpora ateratzea, haizeak aurpegian ematen dizunean, deskonektatzeko ematen dizun aukera, hori zoragarria iruditzen zitzaidan hasieran eta gaur egun ere berdin pentsatzen dut.

3 Motorzaleen topaguneetan parte hartzen duzu?

Bai, hala da. Ia leku gehienetan daude topalekuak eta niri pertsonalki horrelakoetan parte hartzea gustatzen zait. Bertara joan, asteburu bat primeran pasatzen duzu, kanpin denda eta guzti eta ibilbide desberdinak ezagutzeko aukera daukazu.

4 Bidaia asko egin al dituzu motoarekin?
Bidaia luze dezente egin ditut bizitzan bai. Batzuetan bakarrik eta beste batzuetan konpainiarekin, garaiaren arabera. Nire emaztearekin Done Jakue bidea egin genuen behin, Santiagorako bidea ibilbide Frantsesetik egin genuen eta itzultzekoa berriz kostaldetik. Bost egunetan egin genuen bidaia hura eta zoragarria izan zen. Horretaz gain ere, Zilarrezko ibilbidea eta herri zuriena egin genuen ondoren. Espainia osoa zeharkatu dugu egia esan, probintzia askotatik ibili.

5 Europa iparraldeko lurmuturrera joan aurretik bidaia berezia egin zenuen, ezta?
Bai, Iberiar Penintsula osoari buelta eman nion. Galiaziaraino joan nintzen eta hortik Portugaleko kostalde osoa gurutzatu nuen, Andaluziako itsasertz guztia, eta hortik iparralderantz Cadaques-era iritsi arte. Catalunya atzean utzi eta handik Nafarroa aldera. Hau dena autobideak saihestuz egin nuen, nahiago ditut errepide konbentzionalak.

6 Zer eramaten da motoan bidaiatzeko?
Motoan bidaiatzeko arropa gutxi behar da. Beti saiatu behar da ahalik eta gutxien eramaten, leku gutxi dagoelako. Bi edo hiru praka, kamiseta batzuk, barruko arropa, ahalik eta gutxien. Gainera bidaiatzen ari zarenean, beti topatu daiteke arropa garbitzeko lekuren bat.

Zer iritzi duzu motoek duten arriskuaren inguruan?
Bildurrez ateratzen baldin bazara, hobe duzu ez ateratzea. Agian motoetan dauden istripuak gehiago nabarmentzen dira, eta ziurrenik kotxeekin daude istripuak askoz ere gehiago izanen dira. Horretan pentsatzen jarriko bagina, ez ginateke etxetik aterako. Garrantzitsuena ardura eta zure buruan konfidantza izatea da. Bi gurpilen gainean zoaz, beraz hori, oso kontuan hartu behar den zerbait da, mila begirekin ibili behar da, gidari askok ez gaituztelako errespetatzen.

Zer ematen dizu motoan bidaiatzeak?
Arazoak alde batera uzten laguntzen dizu, denbora asko daukazu pentsatzeko, niretako ikaragarria da. Zure barne hausnarketak egiteko eta norberaren baitako pentsamenduak aurkitzeko zoragarria da bakarrik bidaiatzea.

9 Noiz erabaki zenuen Europa Iparraldeko Lurmuturrera joatea, North cap ospetsua?
North Cap ibilbidea munduan eta Europan oso ezaguna da motorzaleen artean. Laponiako azken lurmuturra da, eta motorzale bakoitzak hara iristeko egin behar duen ibilbidea erabakitzen du. Penintsulari buelta eman nionean, bueltaka hasi nintzen horrelako bidaia bat egiteko asmoarekin, hau dena duela bi urte izan zen. Hasiera batean bakarrik joateak beldur pixka bat ematen zidan, hizkuntzaren kontuagatik batez ere. Norbait bilatzen saiatu nintzen, baina egun asko ziren, eta zail xamarra zen norbait konbentzitzearena. Horregatik, penintsulari buelta osoa ematea erabaki nuen nire burua frogatzeko, eta primeran atera zen dena. Gainera, motoarekin paperezko mapa eramaten dut soilik, eta telefonoa zerbait gertatuz gero, beti ere lagungarria delako. Azkenean ez nuen inor aurkitu eta bakarrik joatea erabaki nuen.

10 Zein ibilbide egin zenuen?
2015eko maiatzean ibilbidea planifikatzen hasi nintzen. Nondik joan, non gelditu, datu horiek guztiak mapan markatzen joan nintzen. Azkenean erabakia irmoki hartu, motxila egin eta iparralderako bidea hartu nuen. Uztaileko azken astea eta abuztuko lehen bi asteetan egin nuen joan-etorria. 11.130 km egin nituen guztira, eta hemezortzi egunetan egin nuen joan itzulia. Frantzia osoa gurutzatu nuen lehenik, gero Alemaniara pasa nintzen, ondoren, Danimarka aldera joan nintzen, Danimarkako zubia zeharkatuz Suediara iritsi nintzen, Suediako kostalde osoa gurutzatu eta gero Finlandiara ailegatu nintzen, iparraldera jo nuen Finlandian, eta Ibilbidearen azkeneko eremuan Norvegian sartu nintzen North Cap-era iritsi nintzen arte. Itzulia nahiko antzekoa egin nuen, ibilbide zati batzuk aldatu nituen, baina gauza gutxi.

11 Inoiz galdu al zinen bidean?
Bai, behin galdu egin nintzen. Frantzian gertatu zitzaidan, konpontze lanetan zeuden errepide batean eta bide okerra hartu nuen. 200 km gehiago egin nituen hartu beharreko bidea ez hartzeagatik. Egun horretan aurretik pentsatutako kilometroak baino askoz ere gehiago egin nituen.