Arakilgo egunean heldutasunaren jakinduriak eta etorkizuneko gazteriak egin dute bat. Itxasperrin lehendabizi eta Urritzolan gero. Ospakizuna bi toki horietan egin dute aurten. Modu horretan Arakil bailara osatzen duten hamabi herriek hartu dute eguna ospatzeko ohorea. Eguraldi bikainak lagunduta jendetzak egin zuen bat egunarekin. Arrakastatsua izan zen larunbateko ospakizuna.
Goizean kalejiran irten ziren erraldoiak Egiarretatik Itxasperriko Santiago Zelaira eta meza entzun zuten hurbildutakoek gero. Mezaren ostean iritsi ziren omenaldiak. Lehena, ibarreko Ceferina Amondaraini egin zioten. Aitortza berezia izan zen. 90 urte ditu eta Ihabarren bizi da duela 67 urte, jaiotzez arribearra den arren. Urteotako jakinduria eta esperientziari aitortza egin dio Udalak eta lore sorta eman dio horren erakusle. Baina Ceferinaren familiak ere egun berezia izan zuen larunbatekoa. Bilobek Amaia Jakak, Nerea Huartek eta Idoia Irurtzunek aurresku hunkigarria dantzatu zioten amonari eta ia familia osoa bildu zen Itxasperriko zelaian. Ceferinak pozez hartu zuen omenaldia eta une hunkigarria izan zela esan zuen.
Behin jakinduriari aitortza eginda, etorkizuneko arakildar gazteak omendu zituzten. Ongi etorria egin zieten 2013an jaiotako haurrei. Guztira sei izan dira ibarrean jaiotakoak: Haritz Erbiti eta Adele Martxin Artsemenka Ihabarren jaioak; Urko Lanz Bajo, Satrustegin jaioa; Nahia Reparaz Apostua, Egiarretan jaioa eta Maren Goñi Etxeberrin jaioa. Eurei produktu naturalez egindako kosmetika eman zieten opari.
Erraldoien eta Orritzen ikuskizunak
Goizak izan zituen musika doinuak eta dantzaren pausoak ere. Uharte Arakilgo erraldoiek Itxasperri ermitaren aitzinean mugitu zituzten euren gorputz handiak. Zelaiaren beste txoko batean izan zen Orritz dantza taldearen emanaldia. Laburdi izeneko dantzak eskaintzen dituen polkak eta valsak dantzatu zituzten dantzariek.
Itxasperriko zelaian gainera, Izurdiagako Brun familiakoen forja artisautzaren erakusketa ere izan zen. Haurrek bereziki ikasi zuten garai batean artisau lana nola egiten zen. Ikusmina sortu zuen erakusketa hark. Gainera, hamaiketakoa ere eskaini zuen Arakilgo udalak bertaratu zen guztiak gosaldu zezan.
Urritzolan arratsaldez eta gauez izan zen festa
Ordu bietan hitzordua Itxasperritik Urritzolara pasa zen. Traktore zaharren erakusketa jarririk zen herrian. Lau ziren guztira, zein baina zein zaharragoa. Antzinako traktoreak ziren, garai bateko itxura zutenak. Interes handia sortu zuen erakusketak eta asko izan ziren traktoreen inguruko datuak ezagutzera hurbildu zirenak.
Ez zen hori izan erakusketa bakarra Urritzolan. Arakilgo udalak antolatutako lehen argazki lehiaketan parte hartutako irudiak ere han izan ziren egun osoan eta zozketan parte hartzerik izan zuten herritarrek.
Herri bazkarian bildu ziren ondoren 200 lagun. Giro aparta sortu zen herrian muntatuta zuten karpa erraldoian. Txarangaren musikak alaitu zuen bazkari aurrekoa eta Joxe Angel akordeoilariak ondorengoa. Eta arratsaldez Jon Barbarin ihabartarraren antzerkia izateaz gainera haurrendako puzgarriak eta jokoak ere izan ziren.
Gauean, eguna borobiltzek,o kontzertuak izan ziren. Nekez taldekoek estreinatu zuten oholtza eta gero Ihabarko Txep taldeak jarri zituen ingurukoak dantzan eta kantuan.