Ondare ez materialaren bilketan lanean dabil Labrit Multimedia. Arakilera iritsi berri da bere lanaren emaitza. Hiriberrin estreinatu dute Arakilgo Haizea izeneko testigantzen bilduma. Ez dira hitz galdu batzuk soilik, antzinako eta gaur egungo irudiekin tartekatzen diren istorioak dira.
Arakilen bizitako eta jazotako gertaerak ekartzen dituzte gogora 18 bizilagunen hitzek. Nolako garaiak bizi izan zituzten antzina, zer nolako ohiturak zituzten, zer nola transmititzen zuten batzuen eta besteen artean kultura, zer nolako bizimodua zuten... 40 minutuko dokumentala da aurkeztu dutena. Ordu mordoa dute baina, aurretik grabatutakoa. 18 kideei, bakoitzari bi orduz aritu zitzaizkien hizketan, galdezka. Guztiek dute txokoa laburtu egin duten dokumentalean. Bakoitzak bere herriko bizipen bat edo ohitura izandako pasadizoren bat du ahoan.
Jendetza hurbildu da erabilera anitzeko mustu berriko gunera. Hiriberriko gela, lepo bete da. Dokumentaleko protagonistak izan dira, baita Arakilgo hainbat bizilagun ere. Barreak eta malkoak tartekatu dira. Hunkigarria izan da 18 adinduen kontuak entzun eta eurekin konpartitzeko aukera izatea.
DVDak salgai daude
Arakilgo udalean jaso daitezke DVDak 10 euroan. Jende askok jo du bat eskuratzera. Labrit Multimediak lan handia egin du emaitza lortzeko. Dokumentalaren aurkezpenean izan dira Itziar Aranguren eta Gaizka Aranguren lan taldeko kideak. Nabarmendu dutena da, altxor handia dutela arakildarrek bailaran eta dokumentalaren bitartez, altxor hori gordetzeko aukera izanen dutela, antzinako istorioak gaur egungo haurrek gerora ere manten dezaten.