Sakanako ikastetxeetan bertsolaritza sustatzeko aukera izanen da

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Huarte Arano 2015ko urt. 25a, 12:17
Bertso eskolakoak Altsasuko Gure Etxean egindako saio batean.

Sakanako Mankomunitateak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak akordioa erdietsi dute ikastetxeetan bertsolaritza sustatzeko

Bat-batekotasuna, bertsopaperak, bertsoen sailkapena, errimak, neurriak, doinuak eta lehengo eta oraingo bertsolarien ezagutza izanen dute Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek. Bertsolaritza sustatzeko asmoarekin, Sakanako ikastetxe guztietan -publikoak, itunduak eta ikastolak- D, B eta A ereduko ikasleei Bertsolaritzako 15 orduko modulu bat emateko aukera eskainiko die Bertsozale Elkarteak. Adostasun horretara iritsi da Nafarroako Bertsozale Elkartea Sakanako Mankomunitatearekin. Hori bai, urtean gehienez 15 taldetan eskaini ahal izanen da modulua.

Gu ere bertsotan izeneko materiala erabiliko dute Nafarroako Bertsozale Elkarteak bideratuko dituen irakasleek. Gainera, jarduera osagarriak ere prestatzeko aukera izanen dute: bertso eskola sortu ahal izanen dute Sakanako herriren batean eta modu horretan Lehen Hezkuntzako 6. mailan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dauden ikasleek hartu ahal izanen dute parte.  Bertso eskola sortzeko bai 6 haur edo gaztek eman beharko dute izena.