"Merkataritza bidezkoagoa lortzeko arduraz jokatu behar dugu ematen dugun pausorik txikienarekin ere"

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Huarte Arano 2015ko mar. 6a, 08:01

Jose Luis Mariñelarena (Irurtzun, 1971) Setem Gobernuz Kanpoko Erakundeko kide da duela urte asko. Hasieran boluntario gisa aritu zen, orain langile ere bada.

1. Zer da Setem?
Aldaketa soziala lortzea helburu duen Gobernuz Kanpoko Erakunde bat da. Horretarako ohiko kontsumoa aldatzera jo behar da, norberaren jarrera eta joera aldaketatik abiatu eta gizartearen kontzientzian eragitea da helburua. Norbanakoaren aldaketak lortuko du kolektiboarena.

2. Noiz jarri zinen harremanetan Setem GKErekin?
Ikasten ari nintzela, bidezkoagoa den kontsumoarekin interesa sortu zitzaidan. Gobernuz Kanpoko Erakunde asko ari dira kontsumo arduratsuago baten alde lanean, eta horien artean Setem. Ez da horretara bakarrik mugatzen, kontsumo bidezkoago bat lortzeaz gainera arlo asko lantzen ditu.Txilera egin nuen bidaia ikasten ari nintzela, Elkartasunerako Ekimen batekin, 1997. urtean. Gero boluntario aritu nintzen eta 2004. urtetik lanean ari naiz Setemen.

3. Setemen lana zabala da beraz?
Bai oso. Bidezko merkataritza da agian ezagunena, salerosketa arduratsua egiteko kanpainak asko direlako eta sentsibilizazio kanpainak zabaldu direlako. Egia da indar handia jartzen ari garela horretan eta publizitate kanpainez gainera aukera zabala dugula salerosketa bidezko hori lortze aldera. Denda fisikoa dugu Iruñean, bertan produktu sorta dugu bidezko merkataritzaren bidetik eta kateringak, meriendak eta gosariak ere prestatzen ditugu. Zenbait taberna eta jatetxetara ere bideratzen ditugu halako produktuak.

4. Bidezko merkataritza aipatu duzu. Zertan datza?
10 irizpidek definitzen dute bidezko merkataritza. Iparraldeko herrialdeen eta Hegoaldekoen errespetua lortzea bilatzen du kontsumoarekiko. Finean, elikagaien burujabetza da lortu behar dena. Produktua lantzen duenaren duintasuna, ingurumenarena, lan baldintzena, erlazio demokratiko batean oinarrituta egotearena, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunean oinarrtzearena, haurrik ez jartzea lanean eta kontsumitzaileari produktu edo zerbitzu horren inguruko informazio guztia ematea dira bestea beste irizpideetako batzuk.  

5. Kanpainek ba al dute feedback-ik, eraginik?
Publizitate bidez eta azoka askotan parte hartuz iritsi gara jendearengana. Ohartu egiten da bidezko merkataritzaren garrantziaz, edo modu berean, enpresa handiek eta multinazionalek prezioekin nola lehiatzen duten ikusarazten dugu, zein den horren kostua. Askotan haurrak, esklaboak, lan baldintzarik gabeko jardunaldi luzeak... izaten dira produktu eta zerbitzuak merke saltzearen zergatietako batzuk. Horrez gain, duela zenbait urte ikastetxe hainbatekin ere lanean ari gara, irakasleek ikasleekin gaia landu dezaten, material didaktikoa ere badugu horretarako.

6. Zein kanpainarekin lortu duzue harridura gehien sortzea?
Batek bereziki lortu du oihartzun handia. Arropa garbia izenekoa izan da. Europako 15 herrialdetan egin dugu. Arropa denda handien eta multinazionalen egoerak salatu ditugu. Langileek zein lan baldintzak dituzten, zenbat hildako izan diren irabaziak nola edo hala ahalik eta handienak lortu nahi dituzten horien erruz. Bangladesh-en jazotako gertaera denok dugu gogoan. 1.134 emakumezko hil ziren arropa egiten zuten bitartean egoitzak su hartu zuelako. Salaketak izandako oihartzunarengatik zenbait enpresari egindakoa ordaintzera behartu zaie, presioak, behintzat, gertatutakoaren arduradunek ordain dezaten lortu du.

7. Ekimen berri bat al duzue eskuartean?
Arropa egiten eta lantzen dutenen sektorearekin egin eta lortu genuena zapatagintzan eskuratu nahi dugu orain. Mundu mailako egitasmoa da eta ni neu izanen naiz koordinatzailea. Beraz erronka handia dut aurretik. Xedea zapatak egiteko erabiltzen diren hainbat produkturen arriskuaz ohartaraztea da. Bereziki kromo izeneko metala erabiltzen dute eta ingurumenerako eta pertsonen osasunerako zinez kaltegarria da. Alda itzazu zure zapatak izenarekin ekinen diogu kanpainari laster.

8. Jendea ari al da kontzientzia hartzen kontsumo arduratsua egitearen garrantziaz?
Gainerako arloetan bezala gurean ere krisiak eragin handia izan du. Izan ere, gero eta gehiago jotzen da produktu merkeak erostera, gehiegi kontuan hartu gabe horien kalitatean. Hortaz, gureak saltoki handietan eskuratu daitezkeenak bezain merkeak ez direla kontuan hartuta, jendeak utzi egin dio bidezkoa den edo ez pentsatzeari. Egia da, jende asko dagoela kontzientziatua. Badakiela bidezko merkataritzako produktuak nondik datozen eta nola dauden eginak, nahiz eta batzuetan gehiago ordaindu behar den. Lan asko dugu aurretik egiteko.

9. Norbanakook zer egin dezakegu merkataritza bidezkoago baten alde?
Norbanako bakoitzak ekimen asko egin ditzake bidezkoagoa den mundu bat lortzeko. Erabaki guztietan egin daiteke aurrera pausoa. Zein energia kontsumitzen dugun, zein zapata erosten ditugun, zein jantzi jartzen dugun, zein kafe hartzen dugun ... denak balio dezake aldaketa horretan. Gure ohiturak gehiegi aldatu gabe ere asko aurrera daiteke. Alternatiba erreal asko daude. Kontsumo arduratsua gero eta gehiago zabaltzeko modu asko dago. Energia norekin kontsumitzen duzun erabakitzetik, mugikorra aldatzetik ere etor daiteke.

10. Kafea eta kakaoa dira oikoak bidezko merkataritza horretan. Dena den, produktu sorta duzue jada.
Kafea, kakaoa, azukrea ... izan dira ohikoenak urtetan. Gaur egun aniztasuna da nagusi bidezko merkataritzaren katalogoan. Marmelada, pasta, tea, infusioak, eskuz egindako apaingarriak, kosmetika, haurrentzako jostailuak... denetik dago.

11. Sakanan zenbait saltokik eskaintzen dituzte halakoak?
Bai, Altsasun eta Irurtzunen urte askoz izan dira zenbait saltoki halakoak eskaintzen dituztenak. Azoka askotan ere parte hartu dugu eta bertan erakusten ditugu gure produktu eta asmoak. Kontsumo taldeak ere badirela badakit, eta gero eta jende gehiagok parte hartzen duela ere bai. Horietan bertako eta garaian garaiko produktuak kontsumitzeko ohitura zabaltzea da helburua.

12. Etorkizunean zein bide egin daiteke kontsumo arduratsuago baten alde?
Gizarteak ardura handia du aldaketa horretan. Elkartasun handiagoa lortu behar da eta bakoitzak bere kolkotik begirada altxatzea. Dena den, jendearen parte hartzea ezinbestekoa da eta Setem-en parte hartu nahi duen edonor ongi etorria izanen da. Webgunearen bidez jarri daitezke gurekin harremanetan: www.setem.org/navarra, edo e-postaz ere bai: nafarroa@setem.org. Iruñean dugun saltokira ere dei dezakete: 948 27 57 20.