Liburuak saltzeaz gainera, kultur erreferentzia ere izan nahi dugu, bezeroarekin bestelako harremana sortzen saiatzen ari gara

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Huarte Arano 2016ko uzt. 8a, 08:08

Elena Aldasororekin elkarrizketa, Galan Arkatz liburu-dendakoa.

1. 30 urte bete dituzue. Nolakoa izan da bidea?

Urteotan gorabehera ugari izan ditu dendak, baina jakin dugu moldatzen eta horrek ahalbidetu du aurrera egin ahal izatea. 30 urtean gizartea bera aldatu da eta erosteko modua ere bai, beraz, saltzaile gisa horretara moldatu behar izan dugu. Liburuak eskaintzeaz gainera produktu askotarikoak ditugu dendan. Nire esperientzia pertsonala ere aldatu da, hasieran langile izan nintzen eta duela bi urte ni naiz jabea.

2. Nola aldatu da erosteko modua?

Gizartearen erritmoa aldatu da, tartean krisi ekonomiko eta soziala izan da eta modak asko aldatu dira. Bezeroek eskatzen zutena eman eta denbora hartu behar izan dugu haiekin tratua gertukoagoa izateko. Teknologiak ere asko egin du aurrera: Internetek aukera zabala ematen du liburuak eskuratzeko eta ebook-ek ere izan dute indarra. Baina, horretara ere jakin izan dugu egokitzen.

3. Zer da saltzen den gehiena?

Denetik saltzen da baina unean-unean modan jartzen den liburuak arrakasta du gurean ere. Eskaera horri erantzuna ematen jakiteak lortu du gure dendaren iraupena. Egun, opariak egiterako unean asko jotzen da liburuetara eta haur zein gazte irakurgaiek beti funtzionatu dute.

4. Euskaraz ala gaztelaniaz irakurtzen da gehiago?

Liburu-dendan, liburuei dagokienez, helduen artean gehiago irakurtzen da gaztelaniaz. Baina tokian tokiko irakurgaiek eta euskal literaturak ere badute tokirik. Haur eta gazteen artean gehiena euskaraz saltzen da. Liburuez aparte, jolasak eta jostailu hezitzaileak ditugu eta hori ere oso ongi saltzen da. Orain arte hutsune nabarmena izan da Altsasun produktu horietan eta hori betetzen ahalegintzen gara.

5. Krisiari nola egin diozue aurre?

Ezin gara kexatu, nahiko finkatua gaude eta jakin izan dugu egoera zailenari ere aurre egiten. Sakanan ezagunak gara, askorendako erreferentziazko denda eta hori luxua da. Egoera ekonomiko zailetan jendeak merkeago erosi nahi ditu produktuak, eta liburuetan zailagoa bada ere eskaintza egitea, gainerako papertegi zerbitzuan bada aukera: marka ezagunak saltzearekin batera, merkeagoak direnak ere izaten ditugu. Hala poltsiko guztietarako aukerak daude Arkatzen. Promozioak ere egiten ditugu: testu liburuak hemen erosten dituenak adibidez, gainerako produktuetarako %10eko deskontua eskuratu dezake. Zozketak ere egiten ditugu eskolako materialarekin: koadernoak, kalkulagailuak... iruditzen zait badakigula bezeroa zaintzen.

6. Zer aurki daiteke liburu-dendan?

Liburuak izateaz gainera eta testu liburuekin lan egiteaz gainera ikas-material zabala dugu: koadernoak, motxilak, karpetak, boligrafoak, estutxeak... denetik. Oparitarako aukera ere zabala da eta euskarazko jostailuak zein jolas-hezitzaileak ere asko dira. Teknologia berriekin lotuta, pendriveak, DVDak... ere baditugu.

7. Liburuak saltzeaz gainera, ekimen desberdinak ere antolatu dituzu...

Duela bi urte hasi nintzen halako eskaintza egiten. Dendaren nortasunarekin lotutakoa da. Bezeroek Arkatzekin lotura berezia izatek aukera. Produktua eskuratzeaz gainera, esperientziekin hartu-emana eskaini nahi du, ez dadila izan salerosketa soil bat. Zentro handiek egiten ez dutena da nik eman nahi dudana. Kultur arloan murgildu eta ekimen desberdinen bidez bezeroekin harremana sendotu. Liburuen aurkezpenak antolatu ditut Haritza tabernarekin elkarlanean eta irteerak ere egin ditugu, guztiak arrakastatsuak.

8. Irteeretan jende askok hartu du parte?

Arrakastatsuak izan dira oso. Bi autobus irten dira eta biak lepo beteta. Egia da, txangoen aurretik eta aurkezpenen aurretik publizitate asko egin dudala eta jendearengana iritsi naizela. Hala, jendearen erantzuna ere oso positiboa izan da. Lastailean Pasaian izan gara eta maiatzean Orbaizetan. Ibon Martinen liburuetan agertzen diren parajeetan barrena ibili gara.

9. Etorkizunerako, zer ideia duzue?

Ideia asko ditut eta saiatuko naiz guztiak aurrera ateratzen. Haurrekin tailerrak prestatzea gustatuko litzaidake eta horretarako hasi naiz harremanetan jartzen guraso elkarte eta ludotekako hezitzaileekin. Musikarekin lotutako ekimenak ere jarri nahi ditut martxan. Badira, musikari izandakoak liburuak kaleratu dituztenak eta eurekin aurkezpenak edo hitzaldi txikiak prestatzea da ideia. Aukerak zabaldu, eskaintza anitza eskaintzea da buruan dudana.

10. Haritza tabernan, zer libururen aurkezpen egin duzue?

Ibon Martinen bigarren liburua: La fábrica de las sombras. Euskal Herriko inauteriei buruz ere aurkezpena egin genuen.

11. Uda garaian, zein gomendio eginen zenuke?

Aisialdirako, zerbait dibertigarria, arina. Merkatuan orain ez dira berri asko ateratzen, data hauetan, poltsikoko edizio egiten dituzte erosoagoa izan dadin hemendik hara eramateko. Duela bi aste atera dute Dolores Redondoren trilogia edizio berezi horretan. Euskaraz irakurri nahi izatekotan, adibidez, Jon Arretxeren azkenekoak du orain mugimendua: Estolda Jolasak.