Hunkigarria izan da Irañeta anai-arrebei egindako oroipen eguna

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Huarte Arano 2016ko urr. 27a, 19:40

Ehunka lagun bildu dira Ihabarren Patxi eta Carmen Irañeta Goikoa anaiak gogoratzeko. Kolonbian eta Nikaraguan egindako lana ekarri dute gogora.

Patxi eta Carmen Irañeta Goikoaren familiako txikienek jarri zioten kolorea egunari. Arrosa bana oparitu zizkieten Patxi eta Carmenen anai-arreba eta alabari. Irribarrea jarri zioten une hunkigarri horri, senitartekoek gogora ekarri baitzuten halakoak zirela bai Patxi eta baita Carmen ere, "zoriontsu izan ziren Kolonbian eta Nikaraguan egindako lanarekin, beti irribarrea zuten ahoan", nabarmendu zuten. "Nik egiten ez badut, ez du inork eginen", hitz horiek erabili zituen Patxik bere bidaiaren berri lagunei jakinarazi zienean. "Gurean, nik egiten ez dudan lana beste edonork eginen du; Nikaraguan eta Kolonbian ordea, baliabideak urriak dira", esan dute Irañeta anai-arrebak gogoratzeko sortutako dokumentalean.

Ezkila hotsak lehenbizi eta joarearenak gero izan ziren ekitaldiaren hasierako doinuak. Frontoian, Patxi eta Carmen gogoratzen duen oroitarriaren alboan izan zen lehen hitzordua. Erizaina zen Carmen. Behar gehien zutenak lagundu eta Kolonbiako herritarrei berak zituen jakintzak erakusten zizkien, eurak ere, euren kabuz jardun zitezen. Patxi berriz, indigenekin izan zen laguntzen. Nekazaritzan hasieran, medikuntza naturalarekin gero. Bere bizitzako urterik zoriontsuenak Nikaraguan izan zirela gogoratzen dute berak idatzitako eskutitzek. "Hemen aurrera eramaten ari garen lanak asebetetzen gaitu", zioen eskutitz horietako batek. Bere aberri berria zen Nikaragua. Beste Mundu bat posible zelako aritzen zen laguntzen. Norberekeria eta handinahia amaitu eta gizarte bidezkoago bat sortzea posible zela sinetsirik egiten zuen egunerokoan lan. "Aberatsa naiz hemen, ez diruz, baina bai gainerako bizitzako aspektuetan".

Ihabarko lagunak, senideak eta, oro har, Patxiren eta Carmenen gertukoak elkarrizketatu dituzte dokumentalean. Guztiek dute gogoan Patxiren irribarrea, Carmenen goxotasuna. Badakite zoriontsu izan zirela, eta badakite, goizegi iritsi zitzaiela heriotza. Carmen, gaixorik hil zen Bogotako ospitalean 1978an. Patxi, Hondurasera hegazkinean zihoala zendu zen, istripuan 1989an.