Desio ezezagun hori…

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Berastegi 2014ko abe. 12a, 08:00

Desio sexualaz asko hitz egin, idatzi eta irudikatu da. Filmetan, telebistan, liburuetan asko ikusi dugu eta entzun dugu desioari buruz, baina gutxitan aztertu da sexologikoki.

Desio sexualaz hitz egiterakoan ohikoa da ikuspegi bakar bat edukitzea.

Klaseak ematerakoan edota  kontsultako lanean, desio sexuala, gehienetan, koitoa egiteko gogoarekin lotzen da eta, gainera, desioaren eszenifikazioa intentsitate askorekin irudikatzen da, eta berez sortzen den zerbait dela pentsatzen da.

Desio sexuala, izaki sexudunak izatearen ondorioa da, baina, desio sexuala dugula esateak ez du esan nahi ezin denik elikatu eta landu.

Pertsonen desio sexuala norberaren biografia sexualarekin, hau da,  gure gorputzarekin izan dugun harremanarekin, autoirudiariarekin eta autoestimuarekin lotuta dago. Eta jaso dugun heziketa sexualak ere eragina dauka gure bizipenetan.

Honen ondorioz, desio sexuala eta bere bizipena oso pertsonala da eta norberaren bizitzari lotuta egon ohi da.

Gainera, desio sexuala oso anitza da eta nahiz eta gehienetan koitoarekin lotzen dugun, desio zabalak ditugu gizon eta emakumeok, hala nola, pertsona batekin egoteko desioa, praktika sexual zehatz bat edukitzeko desioa, elkarrekin paseo bat emateko desioa…

Bakoitzari dagokigu gure desioen esanahia topatzea eta nahi duguna argitzea, nahi dugun hori lortzeko, gure bidea eraikitzeko norberaren ardura bere desioa kudeatzea baita.

Hori bai, desioak bere espazioa eskatzen du, eta elikatzen ez badugu askotan ez zaigu agertzen eta. Estresa nola bizi modu azkarra eragozpena lirateke gure  desioarekin izan dezakegun komunikazioan.
Honela, lurrarekin gertatzen den bezala, gure gorputzari ere bere kasa ibiltzen  uzten badiogu, noizbehinka fruituak jaso ditzakegu, baina argi dago, tarte bat eskainiz, zainduz, gure gorputza lurra bezala emankorragoa izaten baita.