Erregeren zerbitzua (kita dezagun)

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2014ko uzt. 25a, 06:10

Jaun baruak” abestia ozen eta senez, asmoz eta jakitez kantatzeko tenorea dugu aurtengo uda. Zuberoako kantore zahar honek badu antimilitarismotik eta erromantizismotik zerbait, baina azken ahapaldiko dei sutsuak gaurkotasun izugarria du Pirinioz  honatago: “Jauna maite banaüzü, erraiten düzün bezala, kita ezazü erregeren zerbitzia, eta maita herria ükhen dezadan plazera”.

Ezuste lausotu batean iritsi zitzaigun  Juan Karlosen abdikatzea eta uste sakon batean dinastiak irauteari bidegabe iritzi genion hainbatek, halako moldez non plaza, karrika nahiz platoetan debatea sargoritu zen.
Feliperen arribatzea normaltasun demokratikoak (sic) eta legearen betetzeak  behartu zuten laster bizian, Juan Karlos foruztatu zuten are bizkorrago eta dohain guztiez horniturik omen dagoenak borboitarren hurrengo atala osatzeari ekin zion.

Anartean bilbotar sozialista hautagai batek xelebrea bota zuen: “ PSOEk modernotasun-talka latza behar du”. Hura esan eta monarkiaren irautearen alde bozkatu. Harrapa ezank, hi!

Ustezko igarobide demokratiko hartako ikur sakrosantua berriz astindu zuten konstituzioaren defendatzaile sutsuek eta  baita azalez errepublikazale agertzen diren anitzek Feliperen alde egin zuten, toreatzaileei bezala aukera bat eskainiz.

Baina badakigu aukera hori emaitza ona edo ezinago ustela izanik ere belaunaldietan luza daitekeela eta beste hamaika bertute aurkituko dizkiotela monarkia  borboitarrari.

1931koan bezala  espero dezagun historiak aukera bat eskain dezala (hara Irakeko Kurdistan) eta ea lehen errepublika bi eta hirugarren bat  abiatzen diren.

Bitartean errepublikazale bizi gaitezen, eta Zuberoako aire zaharra  astin dezagun nonahi: kita ezazü, kita ezazü erregeren zerbitzia.

Uda zoriontsu pasa.