Obama eta Kuba: ez duk erraza konpai

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2015ko mai. 15a, 08:00

Agian duela urte batzuk Chávezek Obamari eginiko opariak, hots, Galeanoren Ameriketako zain irekiak, eraginik eduki zuen. Kontua da orain aste batzuk AEBetako presidenteak Kuba dela-ta adierazi zituenak barra eta izarren inperioko zain batzuk ederki astindu dituela. Vietnam, Afganistan, Guatemala,.Panama, Txile, Granada nahiz Nikaraguan eta beste herri anitzetan gauzatu dituzten txikizio, sarraski eta kalteak zibilizazioa eta askatasuna ekartzeko asmoz eginak ziren, nork zalantzarik egin? Kuban inbasiorik edo estatu kolperik ezin izan zuten burutu, baina bestelako estutze bide ankerrak martxan jarri zituzten. Eta horra, 50 urte geroago estatubatuar presidente batek kolokan paratu du Kubaren alderako mardulena. Washington, Jefferson, Lincoln, Monroe… Nixon, Clinton, Bush junior eta senior elkarri begira sinetsi ezinda… Hau ikuskizun dekadentea! AEB (beraiek Amerika esango luketena) atzeko patioko nano baten aurrean belauniko isolamendu politikak uharte matxino  musker hori makurtzea lortu ez duelako. Ikuskizun dago oraindik  zein ondorio zehatz  ekarriko dituen urte batzuk barru AEBetako jarrera berriak. Eta oraingoan ere kubatarren ohiko esamoldeak lagunduko digu hau guztia zertxobait ulertzen: ez duk erraza konpai!  Kuban inoiz ez da deus erraza suertatu, ez orain 100 urte, ez orain  65 edo 15 urte. Eta ez dirudi 5 edo 20 urte barru hala izango denik. José Martíren  amets humanista, ordea, bizirik dago eta amets horretatik gertuago egon litezke etorkizun hurbilean.