Eguberri. Urteberri

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2015ko abe. 24a, 08:00

Urteko azken Guaixeko Astekoari betegarria paratzera nator. Garai bateko ustezko elur xoragarrien gabezian, egun hauetako magia xuri goxoa berriz bizitzeko Holliwoodeko film bigun horietako bat ikusi beharrean gaude.
Gabonak eta bigunkeria, gainkontsumoa, familia nahiz lagun elkartze, opari garaia eta afarien aroa. Honi guztiari elkartasunaren azala gehitu behar diogu. Erromako Aita Santuak Urbi et Orbe bedeinkatzen  ditu gizakiak oro Belen ondoan zartako galantak dabiltzan bitartean, kolonoak kolonizatzaile eta palestinarrak odol irensle.

Gabonak orohar Europa zahar berrian argiaren esnatzea eta hotzaren etorrera dakartza. Olentzero nonbait egur supila besterik ez omen zen, hau da argiaren eta beroaren ekarlea. Basotik etortzen zera hori, hastapenean egur enbor eder bat zena, panpin bihurtu zuten Bidasoa aldean duela ehundaka urte eta azkenean Papa Noel eta Santa Klausen  festakide dugu saltokietan.

Kantauri Pirinioko bazter honetan Durangoko azoka egun berezi hauen mezulari bitxia dugu eta opariekin nola asmatu ez dakigun askori laguntza ederra ematen digu . Aurtengoarekin 50.a egin du Azokak eta arranditsuki ospatu dute/dugu Landako inguruan . Olentzerok bezala abiapuntu xumea izan zuen zera horrek tamaina, itxura eta muina hartu eta egun Frankfurtkide dugu behinola nafarra zen  Anboto azpiko hiri hartan.
Etor bitez beste 50 ( edo 500 klima aldaketa errukior) eta  Guaixeren lagunek zein sakandar guztiek 2016 zoriontsua  eduki bezate. Urte berri on!