Laister arte!

Erabiltzailearen aurpegia Rosa Otxoa 2015ko eka. 26a, 08:00

Azken bi urte hauetan Guaixeren irakurleokin elkartzeko aukera izan dut zuekin hainbat kezka eta gogoeta konpartitzeko. Lagunekin kafe bat edo ardo bat hartzerakoan eginiko hausnarketak banatu ditut, eztabaidak eta ideia trukaketak guztiok aberasten gaituztela pentsatzen dudalako. Gure hizkuntzan, gure egunkari batean gure arazoei buruz idazteko txokotxo bat izatea pribilegio handi bat da eta bihotzez eskertzen diet aukera Guaixeren erredaktoreei. Baina uste dut aukera hori merezi duten jende asko dagoela gure Sakanan.

Berdeak alderdi politiko bezala sortu zirenean, Alemanian 1980an, txandatze printzipio bat jaso zuten beraien estatutuetan. Inor ezin zen bi urte baino gehiago kargu batean egon, ez alderdian, ez parlamentuan, ez edozein instantzian. Horrekin botere abusua eta kargu desberdinen pilatzea galarazi, edo gutxienez zailtzea nahi zuen. Gure politikoen artean ondo ezagutzen eta sufritzen ditugun portaerak. Baina Alemanian gauzak ez dira hain desberdinak eta berdeek 1991n printzipio hori baztertu egin zuten alderdiaren estatutuak aldatuz.

Ez da printzipio txarra eta, nire bigarren urte hau bukatzerakoan, pentsatu dut txandatze printzipioa neure buruari aplikatzea ez legokeela gaizki. Ez diot honekin agur esaten Guaixeri, baina orain arte izan dudan txokotxo hori beste sakandar baten esku utzi nahi nuke. Ditugun aukerak eta baliabideak konpartitzeko direlako. Udara ona izan denok eta laister arte.