Sarea!

Erabiltzailearen aurpegia Sakantzen Sarea 2014ko eka. 27a, 06:00
Sakantzen Sarea, izenak ondo dioen moduan, sare bat besterik ez da.

Baina, zer da Sarea? Hainbat definizio ezberdin izan ditzake: armiarma sarea, arrantzaleek bere uztak jasotzeko beharrezko erreminta ere bada sarea, konexio gune bat, modan dagoen hitza, onurak ekartzen dituen hitza, hitz positibo bat…

Eskualde honetan, aspaldidanik sarean lan egiten hasiak gara. Sarean antolatuta gaude. Eta ez bakarrik Sakantzen Sarea. Eskualdeko estrategian, Sakana 2020 Plan Estrategikoan sarean lan egin dugu eta sarean lanean jarraituko dugu. Utzugane (Sakanako Garapen Gunea) sarez eraikitako espazioa da, Sakandar orori zerbitzu eskaintza zabal bat eskaini ahal izateko. Bertan kokatzen da gure sarea.

Orain arteko pertsona zein enpresen arteko erlazioak, lehiakortasun erlazio batean oinarritu dira, enpresa handi eta aberats gehienak gero eta indartsuago bihurtuz eta enpresa txiki eta ertainak handiek mugitzen duten ekonomiaren menpe geratuz.

Gaur egungo mundu globalizatu honetan, non adibidez, India, Vietnam, Txile, edota Israel bezalako herrialdeak gero eta lehiakorragoak diren, gure inguruko enpresek beharrezkoa dute funtzionamendu eta erlazio sare berriak eraikitzea estatu mailako zein atzerriko enpresa edota herrialdeei aurre egin ahal izateko.

Oraina eta etorkizuna, beraz, enpresen zein pertsonen arteko elkarlan erlazio batean sostengatzen da. Sarean lan egitera behartuta gaude. Ez daukagu beste irtenbiderik. Gure indarrak bertan gehitu beharra dauzkagu. Asko daukagu hobetzeko, indar asko gehitzeko eta horma asko apurtzeko. Konfiantza da oinarria. Bera gabe ezingo dugu elkarrekin bizi.

Gutxinaka-gutxinaka Sakanako ekosistema eraikitzen joan beharra daukagu. Guztion horma eraiki beharra daukagu. Bakoitzak ezarritako harri txiki hori hasiera besterik ez da izango, eta horretarako “guztiok pixka bat eman dezagun gutxi batzuk dena eman behar ez dezaten”.

Bertrand Russellek zioen moduan: 2+2= 5.