Piztu, piztu, piztu telebista

Erabiltzailearen aurpegia Zoila Berastegi Mariñelarena 2015ko ots. 27a, 08:00

Fobia, egoera edo objektu zehatzen aurrean agertzen den beldur neurrigabeari deitzen zaio. Baina fobia hitzak badu gaurko lerro hauetara ekarri nahiko nukeen beste ñabardura bat: zenbait egoeren aurrean agertzen den gorroto sentimendua edota gaitzespena, hain zuzen ere.

Fobiak arrazoi desberdinengatik ager daitezke (norbere izatearekin eta bizipenekin zerikusia izan dezaketenak). Dedukzio moduko zer edo zer litzateke beraz. Eta alderantziz ere posible balitz? Hau da, fobiak sortu ahalko balizkigute? Pertsona, komunitate, kultura edo herri zehatzekiko gorrotoa eta mespretxua “xiringa” batekin lez, sartuko baligute? Etxera begira jarriz gero, hemen Euskal Herrian urte askotan pairatu behar izan dugu (eta oraindik ere badira itsu batzuk hortik) euskaldunfobia. Ebrotik behera,  askotan entzun behar izan ditugu kaletik pistolekin ez goazela ziurtatuta, harriturik geratu diren pertsonen hitzak. Orain, azken gertakariei so eginez, “islamofobia” hitza han hemen ageri da. Hau da, geure eguneroko bizitzan, harremanetan zein elkarrizketetan islamarekiko gutxiespena edota gorrotoa.

Neurri handi batean ez jakintasunak garamatza horra. Beste hein handi batean, beldurrak berak eta ziurtasun beharrak. Baina ez dira arrazoi nahikoak: komunikabideek, interes konkretuei obedituz, ez dute edozein berri ematen, ez edozein irudi erakusten, ez edozein ordenetan. Itsu-itsu sinistu, hori da egin behar den gauza bakarra. Eta behin hori lortuta, telebista itzalita ere, ez dago mezua itzaltzerik. Ondoren, “terrorismoaren aurkako itun” bat sinatzea, inongo susmorik jasoko ez duen lan erraz bihurtuko da, besterik gabe. Orain islama da, bihar zer?