Josi ta josi

Erabiltzailearen aurpegia Zoila Berastegi 2016ko abe. 23a, 08:08

kolaboratzaileak

80 urte badira, baina minek beti aurkitzen dituzte poroak arnasten jarraitzeko. Gorpuetatik gorputzetara pasatzeko abilezia ezaguna daukate, eta ez dira denboraren beldur. Bada, hala ere, denborak dena sendatzen duela uste duenik. Nik gero eta argiago daukat denbora poligrafo bakarra bada ere, ez dela zauriak isteko orratz aski fina. Beharrezkoa bai, baina ez nahikoa.

80 urte badira familiko lurrak utzi eta arma bat esku artean lehen aldiz hartu zuen emakume harentzat. 80 urte badira zeruak azoka, kale, etxe, beso, hanka, aurpegi eta zakilak zartarazi zituela. 80 urte badira edozein lekutako edozein zuloan edozeinek lurperatu zuen edozein horrentzat. 80 urte badira “edozein” horien izen eta abizenak esan nahi eta ahots kordak ahulegiak dituenarentzat. 80 urte badira “zulo” hitza herri honetan ezagun egin zela.

80 urte badira esku artean genuen bonba erraldoi hura zartatu zenetik eta ordutik, burni puskak daramatzagu, norberak jakingo du non. Bai, intimitateak badu metal hotzaren berri. Memoria kolektiboa, inkonsziente kolektiboa, borroka kolektiboa hitz konposatu ezagunak dira gurean. Baina ba al da “intimitate kolektiborik”?

Paradoxikoa dirudien arren, gure barneko kortinak zabalduz gero, baten eta bestearen burni puskekin mina eragin digun bonba erraldoi hori osatu ahal izango genuke agian. Jatorria irudikatzen duen puzle bat lez.
Horregatik diot denbora ez dela nahikoa. Erauzketa bat behar da; kanporatze bat; zabaltze bat; partekatze bat… Urte berriak aukera berriak dakartzanez, ireki daitezela zuloak, atera daitezela burniak, armak eta hezurrak, atera dadila dena eta senda daitezela gurekin aspaldi irekiak izan ziren zauriak, etorriko direnak gure orbain berberak izan ez ditzaten. Horra nire urte amaierako desioa.