37 urteko motorzale lakuntzar batek bizia galdu zuen atzo istripu batean

Guaixe 2016ko abu. 18a, 10:54
Istripua Lakuntzan gertatu zen. Argazkia: Guardia Zibila.

Istripua Lakuntzan gertatu zen, 16:00ak pasata. Motorzale lakuntzarrak furgoneta batekin egin zuen talka.

Istripu larria gertatu zen atzo arratsaldean Lakuntzan. Horren ondorioz, 37 urteko motorzale lakuntzar batek, G.E.S. gazteak, bizia galdu zuen A-10 autobiara daraman bidegurutzean, NA-2410 errepideko 17. kilometroan, Lakuntzan. BMW R1200 motorra gidatzen zuen motorzaleak kontrako norabidean zetorren furgoneta batekin egin zuen talka. Guardia Zibila istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da. 

Istripua gertatu eta berehala inguruan bizi diren lakuntzarrak errepidera atera ziren eta larrialdietara deitu zuten. Gaztearen senitartekoak ere deitu zituzten. Anbulantzia eta helikopteroa bidali zituzten, eta nahiz eta medikuek biktima bere onera ekartzeko ahal zuten guztia egin, handik minutu batzuetara hil egin zen G.E.S. Furgonetako gidariak aurreko paratxokearen kontra kolpea hartu zuen baina onik atera zen.

Istripuak jota utzi du Lakuntza. G.E.S. oso ezaguna zen. Motorzale sutsua, motorrak eta autoak maite zituen. Sakana Fundizioa kooperatibako langilea, duela urte batzuk lan istripu larria izan zuen bertan, lankide batekin. Lankidea hil egin zen eta berak lesio larriak izan zituen. Duela urte pare bat ere motor istripu larria izan zuen Frantzian. Samina da nagusi Lakuntzan.