Inauteriak ihoteak 2017

Zatamarroak, eta gehiago

Guaixe 2017ko ots. 24a, 12:33

Soinean arropa eta zaku zaharrak jantzita, aurpegia zapi batekin estalita, buruan lastozko txapela eta eskuan erratza, sardea edo urritz makila, zigorra. Horixe da zatamarroa. Hura gertutik ikustea seinale txarra, eskutan darabiltenarekin jendea berotu egiten baitute. Hala ere, jendea ez da geldi egotekoa eta haiek zirikatzeko “zatamarro begi-gorri urtien behin etorri” errepika behin eta berriro esanen dute asteartean. Orduan aterako baitira eta kalean gora eta behera ibiliko dira jendea izutzen eta berotzen. Asteartean ere etxeko txikiak mozorrotuko dira.

Horren aurretik, ordea, bestelako mozorro-festa izanen da Lakuntzan bihar. Eguerditik aurrera makina bat herritar mozorrotuta aterako dira. Herri bazkarian parte hartu eta gero, parrandak ordu txikiak arte iraunen du.

Egitaraua
Otsailak 25, larunbata
12:00etan Salda beroa, plazan.
14:30ean Herri bazkaria, kultur etxean. Ondoren, dantzaldia.

Otsailak 28, asteartea
17:00etan Txokolate-jana.
Ondoren, zatamarroak kalez kale.
19:00etan Pintxo-potea: sardina-jatea eta ardoa 1,5 euro. Kale Txiki ondoan.