Lakuntza-Aralar mendi lasterketan izena ematea zabalik

Guaixe 2017ko mar. 2a, 11:45

Ostiralean zabaldu zuten epea

Ekainaren 11n, goizeko 9:30ean abiatuko da XIV. Lakuntza-Aralar mendi lasterketa, Zabalarte klubak antolatutakoa. Aurreko urtean bezala, bi ibilbideren artean aukeratu ahalko da: ibilbide luzea (25 km, 1.200 m desnibel positiboa) eta ibilbide laburra (13 km, 640 m desnibel positiboa). Antolatzaileek ostiralean zabaldu zuten izena emateko epea.

Aurten aldaketa txikia egin dute ibilbide nagusian, 9. eta 10. kilometroen artean. Horrela, ibilbidea 300 m luzeagoa izanen da eta 150 metro desnibel positibo gehiago izango ditu. Zehazki, Beloki gaina (1.195 m) igo ondoren, bertatik jaitsi eta Unagako Putzura pistatik joan beharrean, Txorrotxeta (1.273 m) igoko dute korrikalariek eta bertatik jaitsiko dira Unagako putzura.

Izena emateko
Izena ematea zabalik dago ekainaren 9ra arte, www.lakuntza-aralar.com edo www.herrikrosa.eus web orrietan. Ibilbide luzerako federatuek 15 euro eta federatu gabekoek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta ibilbide motzerako, federatuek 12 euro eta federatu gabekoek 15 euro.

Larunbatean Putterrira
Zabalarte Mendi Elkarteak larunbatean mendi ibilbidea antolatu du. Goizeko 8:00etan jarri dute hitzordua, Lakuntzako plazan, Putterriraino joateko.