Bideak konpondu, hondakinak jaso

Guaixe 2016ko mai. 20a, 09:49

Herri txikia izanda gauza handirik ezin dela egin baina aurtengorako Lizarragako Kontzejuak asmo batzuk badituela azaldu digu Xabier Senarrek, kontzeju-buruak. Dermioko bideak konpondu eta ezpondak garbitzeko asmoa dute eta diru-laguntza eskaera egina ere. “Joan den asteleheneko erauntsien txandrioa eta gero” premia badagoela nabarmendu digu. Lizarragako kontzejuak eginen duen beste lan bat da “jendeak edozein tokitan botatako obra hondakinak jasotzea eta garbitzea”. Senar kexu da, “beste herrietako jendea etortzen da eta non-nahi botatzen du. Portuan eta dermioan. Hondakin horiek jasotzen ez baditugu, salaketa”. Hondakinak behar bezala kudeatzeko eskaera egin du.  

Kanpo santua
Lizarragako Kontzejuak zerbitzu hori arautzen duen ordenantza onartu du. Orain arte herrian bizi zirenak eta herritik kanpo bizi ziren seme-alabak hartu ditu hilerriak. Etorkizunean ere hala izanen da. Baina herrian bizi zirenek dohainik izanen dute. Herritik kanpo bizi diren lizarratarrek sorlekuko  hilerrian lur emateagatik pagatu egin beharko dute. Senarrek azaldu digunez, “gastua zegoen eta lehentasuna herrian bizi zirenei ematea erabaki dugu”. Salbuespenak ere badaude. “Herrian bizi, gaixotu edo bakarrik ezin bizi eta egoitzaren batera joan behar izan dutenek ere doan izanen dute lur ematea”.