Portua? Zabortegi

Guaixe 2016ko uzt. 15a, 09:23
Lizarragako portu bazterrean botatako hondakinak.

Hori da bakarren batzuk aspaldi pentsatzen dutena. Mota guztiko altzariak, arropak, plastikoak, obra hondakinak… Denetarik opatu daiteke Lizarragako portu bazterrean. Eta Lizarragako basoan sartuta ere. Kontzeju-burua, Xabier Senar kexu da: “esajeratua da. Jendea etorri eta non-nahi botatzen ditu gauzak. Denetarik. Obra hondakinak ere. Ez dago eskubiderik”.

Kontzejuak bere dermioa garbi eduki behar du, bestela isuna jaso dezake. Horregatik, garagarrilaren 9an, larunbatean portua garbitzeko auzolana egin zuten lizarratarrek. Orotariko auto baten gurdia hiruzpalau aldiz mota guztietako zaborrez bete zuten. Auzolanean dena garbitzeko betarik ez zuten izan eta zabor pila berriak agertu dira ondoren. Senarrek ez daki zein izan daitekeen konponbidea, “baina horrela ezin da segitu. Sakanako Mankomunitateak edo beste norbaitek arduratu beharko du gaiaz”.