Koadroetan inspiratutako jaiotzak

Guaixe 2014ko abe. 12a, 08:00

Ilbeltzaren 11ra arte, astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:00etara eta domeketan 12:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara Olatzagutiko elkartearen egoitzan.

Sakanako Belenzaleen Elkarteak dozena bat dioramatan beste horrenbeste jaiotza erakusgai ditu. Haietatik zazpi aurten sortu dituzte eta gainontzekoak aurreko urteetakoak dira. Sorkuntza berrietarako inspirazioa paisaiak dituzten koadroetan opatu dute. Interneten opatu dituzte eta haiek izan dituzte belenzaleek abiapuntu.

Elkarteko kideek otsailean ekin zioten erakusketa prestatzeari. Maiatzera arte beira zuntzez egindako zeruak prestatzen egon ziren. Hura moldatu eta margotzea izan da egitekoa. Haietako batzuk zeruan hodeiak margotzera ere ausartu dira eta pixkanaka zeru guztietara zabalduko dituzte. Zeruak prestatuta eta egoki argiztatuta, belenzaleek urteetako asmoa bete dute aurten, orain arte oihalekin eta bestelakoekin moldatzen baitziren.

Langintza
Zerua egiten denbora luze eman dute eta erakusketara jaiotza guztiak behar bezala prestatuta egoteko gogoz egin behar izan dute lan. Horretan aritu dira Emeterio Galan, Paco Sanz, Javier Beunza, Katy Mayor, Pedro Urkia, Jesus Mari Garmendia, Luis Borrega, Patxi Agirre eta Felipe Orabengoa. Haien lanak Olatzagutiaz aparte, Tafallan, Ribaforadan, Noainen, Atarrabian, Iruñeko Baluarten, Gasteizen, Arbizun eta Bakaikun ikusgai izanen dira.

Sakanako Belenzaleen Elkartearen jaiotzek sona Interneteko adituen foroetan sona handi lortu dute. Hala, jaiotzak prestatzen ari zirela Valentziatik bisitan etorri zitzaizkien. Erakusketa zabalik den artean Madril eta Valentziatik bisitak espero dituzte.

Aurten ez dute jaiotzak egiteko ikastarorik egin, baina heldu den urtean, Aste Santu ondoren, ikastaroa eginen dute. Jende gehiagoren laguntzarekin erakusketa errazago antolatuko litzatekeela azaldu digute. Olatzagutiko Udalari eskerrak eman dizkiote egoitza uzteagatik.

20 m2
Jaiotza edo diorama bakoitza egiteko beharrezko porespan kopurua. Bakoitzak 5x5 metroko azalera hartzen du. Laban zorrotza, eztainua urtzeko gailua, pintura, lurra, kola, goroldioa, artea eta pazientzia erabiltzen dute porespana lantzeko.  

Zozketa
Erakusketara joaten direnek jaiotza txiki baten zozketarako txartelak erosteko aukera dute. Salmenta horrekin finantzatzen da elkartea.