"Olaztin taberna izateko har hori beti izan dut"

Maider Betelu Ganboa 2015ko uzt. 24a, 08:05

Aritz Barandiaran. Barandi taberna, Olazti.

1.Ametsa bete eta taberna zabaldu duzu Olaztin.
Bai, betidanik gustatu izan zait tabernetako zerbitzari lana. Bizitzan egin dudan lan bakarra izan da. Ostalaritza gustatu izan zait beti eta ikasketak ere horretara bideratu nituen. Jendearekin egotea gustuko dut, jendearekiko harreman hori. Bat sartzen dela, bestea etorri… Olaztin taberna izateko ar hori beti izan dut, herrian ere beharra ere ikusi dut eta lortu dut. Anaia eta neska-lagunarekin batera kudeatuko dut.

2.Izenarekin ez zegoen zalantzarik, ez? Barandi taberna.
Barandi deitzen hasi zitzaizkidan aspalditik. Tabernari beste izen bat jarriko banio jendeak azkenean “goazen Barandirengana” esango lukeen, ziur. Horretarako zertarako beste izen bat jarri? Gainera, ongi ematen du. Logotipoa anaiak egin du, lauburua eta eguzkilorearekin. Etxeko harrizko fatxadarekin eta ongi doa. Tabernaren itxurarekin kontentu geratu naiz: dekorazioa, tximinia, fatxada, terraza… Obra egiteko Sakanako gremioekin egin dugu lan eta saltzen ditugun produktuak ere bertakoak dira. Hori oso argi genuen.

3.Barandi, saltsa askotako perexila zara: Olaztiko gaztetxea, musika taldeetako gidaria, herri bazkarietan eta beste hamaika saltsetan boluntarioa… orain zer?
Olaztiko gaztetxean 13 urtez dena eman dut. Ez dut aterik guztiz itxi, badakite hor nagoela. Orain, esaterako, festetarako prestakuntzetarako esku bat bota diet. Eta beste kolektiboetan ere esku bat botatzen jarraituko dut. Baina tabernarekin denbora gutxiago izango dut eta ahal dudana egingo dut. Herri bazkarietan laguntzen ezingo naiz orain bezala aritu, baina esku bat bota behar bada… tabernan sukaldea ere badut eta agian beste modu batez eman dezaket laguntza.

4. Mirentxin gidariak kolektiboko boluntarioa zara, euskal preso politikoen senitartekoak kartzeletara bisitetara eramateko gidarietako bat.
Eta kolaboratzen jarraituko dut, antolatuko nahiz nola edo ahala. Sakanak apirila eta abenduko bidaien ardura hartzen du. 30 gidari boluntario inguru egongo gara. Senitartekoak euren bisitetara eramatea, eurak horren eskertuta egotea… betetzen zaitu, satisfazio pertsonal handia da.

5.Zer eskaintzen du Barandi tabernak?
Goizeko 8:00etan zabaltzen dugu eta hasieratik pintxoak eskaintzen ditugu. Lehenengo minutuetatik itxi arte egongo dira pintxoak. Horretaz gain bokatak, hanburgesak, pizzak, plater konbinatuak, arrazioak eta beste egiten ditugu, edozein ordutan. Jendeak ere telefonoz egin ditzake eskariak (948 469 193) nahi duena enkargatzeko, etxera eman nahi badu ere. Etxeko produktuak dira guztiak, bertako produktuekin guk egindakoak: pizzak, fritoak… dena.

6.Kontzertuen munduan mugitu zara Barandi. Zure tabernan kontzertuak egongo dira?
Ditugun mugak kontuan izanda, espazioarena batez ere, ahal duguna egiteko asmoa dugu, formatu txikiko ekitaldiak bereziki: bakarrizketak, kontzertu akustiko txikiak, formatu txikiko antzerkiak… Ohiko kontzertuetarako beste espazio batzuk daude. Ildo honetan, Hesian musika taldeko txoferra naiz, kontzertuko muntaketa lanetan laguntzen diet… Kaotiko eta Vendettarekin ere batzutan joaten naiz, norbaitek huts egiten dienean. Aurten behintzat Hesian taldearekin jarraituko dut, ikusiko dugu aurrerago.

7. Sarasate plazara ematen du tabernak eta plazan terraza bikaina duzu.
Bai, Olaztiko herri guneko plazak oinezkoendako bideratu ziren eta bertan lasai-lasai egon zaitezke. Familiendako, haurrendako eta helduendako toki aproposa da, gainera herri erdi-erdian. Egunean publiko guztietarako tokia da gurea. Gauean, argia jaitsi eta beste giro bat egonen da.

8.Jendea geroz eta gutxiago ateratzen dela, krisia, belaunaldi berriak ateratzeko beste modu bat dutela… Halako panoramarekin nola animatu zara taberna zabaltzera?
Egia da ekonomikoki gauzak asko aldatu direla. Egun, hipoteka, ohiko gastuak, seme-alabenak eta beste pagatuta, ezer gutxi gelditzen da. Baina nik posible ikusten nuen Olaztin taberna zabaltzea. Goizetik hasita pintxoak eskainiz eta bezeroak ongi zainduz… Baina askok esaten zidaten: badakizu non sartzen ari zaren? Duela bi urte erosi nuen etxea eta taberna behean muntatu dut. Eta inolako laguntzarik gabe, gainera. Ekintzaileendako laguntzak daudela entzuten da, baina guk ate guztiak jo ditugu eta ezer. Zeuden diru-laguntza apurrak berehala bukatzen ziren eta gu kanpo geratu gara.

9.Zer izan da okerrena, burokrazia eta paper kontua?
Zalantzarik gabe. 2014 urte osoa burokrazia kontuekin bueltaka galdu dut. Bankuekin hipoteka kontuak lotzen, lizentzia eskaerak eta beste tramitatzen… une batzuetan pentsatu izan nuen ezinezkoa izango zela. Baina azkenean lortu dugu.

10.Mustutzea ostiralean izan zen. Zer moduz?
Ongi, asteburu guztian izugarri lan egin genuen. Taberna ezin itxi. Oso eskertuta gaude. Sakana osotik, Goierritik, Iruñetik, Gasteiztik… jende asko etorri zen. Gaur festak hasiko dira eta taberna ahalik eta ordu gehienetan egongo da zabalik. Garbitu eta ireki. Bokatak uneoro eskatu ahal izango dira. Bazkaltzeko plater konbinatuak emango ditugu, baina gauez ez.

11.Trabak traba ekintzaile bezala euren ametsa lortzeko animatuko zenuke jendea?
Zalantzarik gabe. Norbaitek amets bat badu aurrera eraman dezala. Gauzak ongi aztertu behar dira, merkatua aztertu eta bideragarritasun plan bat egin, zure buruan duzun negozio hori bideragarria izan daitekeela ikusteko. Planak aurrera egiteko esaten badizu… Aurrera! Bizitza bakarra dugu.