Pamplona, Olaztiko Gabonetako Areto Futbol Torneoko txapeldun

Guaixe 2017ko urt. 3a, 12:54

Sutegi, Alipendi, Txantrea B, Txantrea A, Xota eta Pamplona taldeetako benjaminek hartu zuten parte abenduaren 30ean Olaztin jokatutako torneoan

Gabonetako oporrak betetzeko asmoz Olaztiko Sutegi klubak benjaminen mailako I. Olaztiko Gabonetako Areto Futbol Torneoa antolatu zuen abenduaren 30ean, Erburua kiroldegian. 6 taldek hartu zuten parte: Sutegik, Alipendik, Txantrea B-k, Txantrea A-k, Xotak eta Pamplonak.

Bi multzotan banatuta lehiatu ziren taldeak, ikusgarri suertatu zen txapelketan. A multzoan Txantrea B-k eta Sutegik bana berdindu zuten, Alipendiri 0 eta 15 irabazi zion Txantrea B-k eta Sutegik 5 eta 4 hartu zuen menpean Alipendi. Eta B multzoan Xotari 0 eta 5 irabazi zion Txantrea A-k, Pamplonak 7 eta 0 hartu zuen menpean Xota eta Txantrea A-ren kontrako lehian 2 eta 4 gailendu zen Pamplona.

Finalerdietan, Txantrea B-ri 1 eta 2 irabazi zion Txantrea A taldeak eta Sutegiri 0 eta 9 gailendu zitzaion txapelketan ikusgarri aritu zen Pamplona. Final handian bana berdindu zuten Txantrea A-k eta Pamplonak, baina, azkenean, penaltietan Pamplona nagusitu zen, Olaztiko Torneoa irabaziz.