Aitor Loreak Osasunarekin debutatu zuen

Guaixe 2017ko urt. 4a, 08:54

Errege Kopako final zortzirenetan Eibarren kontrako joaneko partidan itxura ona eman zuen olaztiarrak baina, tamalez, Osasunak 0 eta 3 galdu zuen

Atzo Osasunak Errege Kopako final zortzirenetako joaneko partida jokatu zuen Sadarren, Eibarren kontra. 12.600 zale baino gehiagoren aurrean gorritxoek emandako irudia, egia esan, ez zen ona izan. Izan ere, 0 eta 3 galdu zuen Osasunak Eibarren kontra.

Pozik baina penatuta
Partidako gauzarik positiboena, agian, Aitor Lorea olaztiarraren debuta izan zen. Jubeniletan aritzen den gazteak talde nagusian debutatu zuen, Joaquín Caparrósek emandako aukera baliatuta. Partidako 77. minutuan atera zen zelaira olaztiarra, Fuentesen tokia hartzeko. Eskuinean jokatu zuen eta bere azkartasuna eta kalitatea erakusteko aukera izan zuen. Borrokalaria, jokaldietan itxura ona eman zuen. Harmailetan bere aldeko pankartaren bat ikusteko aukera izan zen. Tamalez, ezin izan zuen debuta garaipenarekin ospatu. “Nire ametsetako taldearekin debutatu izanagatik pozik nago, baina emaitzagatik eta zaleengatik penatuta nago, beti animatzen daudelako” azaldu zuen olaztiarrak partida bukaeran. Errege Kopako kanporaketa konplikatua dagoela onartu zuen Loreak, baina “borrokan jarraitu beharra dagoela”.

Osasunako entrenatzaile Joaquín Caparrósek onartu zuen Eibarrekoek gorritxoek baino gogo gehiago izan zutela eta emaitza “gogorra” izan zela, “irudi ona emateko ilusioa baigenuen, baina ez zen horrela izan”.