380 irristalari bilduko dira bihar Olaztin

Guaixe 2017ko ots. 17a, 13:36

Larunbatean, 10:00etan, 2017ko Nafarroako Abiadura Irristaketa Txapelketako IV. Indoor jardunaldia hartuko du Erburua kiroldegiak. 380 irristalarien artean 30 sakandar izango dira

2017ko Nafarroako irristaketa denboraldia abian da eta Sakana Irristaketa taldeko kideek gogoz ekin diote denboraldiari. Hain zuzen ere, Nafarroako egutegiko lasterketa bat Sakanara etorriko da bihar. Izan ere, 2017ko Nafarroako Abiadura Irristaketa Txapelketako IV. Indoor jardunaldia hartuko du Olaztiko Erburua kiroldegiak, 10:00etatik aurrera. Jardunaldia antolatzeko Sakanako Irristaketa Taldeak Olaztiko Udalaren eta Nafarroako Irristaketa Federazioaren laguntza eta hainbat entitate eta komertzioren babesa izan du.

Guztira Nafarroako hainbat irristaketa klubetako 380 irristalari bilduko dira bihar Olaztin. Horietatik 30 inguru sakandarrak izango dira. Mini, aurre benjamin, kimuen eta haurren mailako irristalariak izango dira lehiatuko direnak. Orain arte Nafarroako Abiadura Irristaketa Txapelketako hiru proba jokatu dira Antsoain, San Juan eta Zangozako frontoietan, eta bihar Olaztiko Erburuako frontoian jokatuko da IV. Indoor jardunaldia. Hasieran serieak jokatuko dira eta, ondoren, finalak. “Orain arte maila polita eman dute Sakana Irristaketa Taldeko irristalariek eta ea bihar, etxean, horrela jarraitzen duten. Olaztiko probarekin frontoietan jokatutako saioak despedituko dira eta txapelketak pistan jarraituko du” azaldu digute Sakana Irristaketa Taldetik. Oscar Zamarrón da Sakana Irristaketa Taldeko irristalarian entrenatzailea.

Irristaketa sustatzea helburu
“Baliabide eskasak ditugu, baina, hala ere, gure oinarrizko helburuen artean irristaketa sustatzea eta gure inguruan irristaketak garrantzia hartzea da. Horretarako, aurten bi lasterketa antolatuko ditugu Sakanan. Otsailaren 18an Olaztiko Erburua kiroldegiak Nafarroako ligan puntuagarria izango den indoor irristaketa proba hartuko du eta irailaren 16an, Altsasun, Sakana mailan egingo den lehendabiziko irristaketa trofeoa antolatuko dugu” azaldu dute Sakana Irristaketa Taldetik. Halaber, taldearen helburuen artean dago ere 2017rako Sakanan irristaketarako araudizko pista bat sortzea, baldintza egokietan entrenatu ahal izateko.