Lopez de Goikoetxea, saritua

Guaixe 2017ko ots. 21a, 14:23
Argazkia: Arsenio Gordillo.

2016ko Euskadiko Txapelketetako Renault Turbo Kopako 2. postuko saria jaso zuen olaztiarrak larunbatean Agurainen

Euskadiko Automobilismo Federazioak 2016ko Euskadiko Txapelketetako sari banaketa egin zuen larunbatean Agurainen. 300 pertsona inguru bildu ziren galan. Sarietako bat Sakanara etorri zen. Iban Lopez de Goikoetxea pilotu olaztiarrak (Sakana Motorsport) 2016 Renault Turbo Kopako 2. postuko saria jaso zuen. Lopez de Goikoetxeak denboraldi ona egin zuen aurreko urtean, aipatutako Euskadiko sari horretaz gain, Nafarroako Mendi Igoerako Formula Libre mailako txapelketa irabazi baitzuen baita ere. Nafarroako Txapelketarako baliagarriak ziren 5 probatan Formula Librean 2 garaipen lortu zituen Lopez de Goikoetxeak, Aian eta Jaizkibelen, eta bi bigarren postu eta hirugarren postu bat egin zituen.

2017 denboraldia Opakuako igoerarekin abiatu nahi du olaztiarrak, apirilean, Nafarroako Txapelketa prestatzeko. Aurten 6 probek puntuatuko dute Nafarroako Txapelketan: Ibardin, Petilla de Aragón eta Urbasa (Nafarroa), Arnedillo (Errioxa) eta Jaizkibel eta Urraki (Gipuzkoa). Aurreko urteetan bezala, Eulate Zerbitzu Elektrikoak enpresaren babesa duela ekingo dio denboraldiari Lopez de Goikoetxeak.