Udalak autobusak Ekain, Zuhatzun eta Satrustegin gelditzeko eskatu du

Guaixe 2014ko api. 8a, 12:00
Nafarroako Gobernuak aldaketak egin ondoren, 2012tik aldez aurretik telefonoz eskatzen ez bada autobusak ez dira pasatzen.

Arakilgo Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu dio autobusak Ekain, Zuhatzun eta Satrustegin gelditzeko. Udaletik gogorarazi dutenez, 1996an La Burundesari ibarreko garraio erregularra eman zitzaion eta 2012ra arte geldialdiak egin izan ditu aipatu hiru herrietan. Baina gobernuak arauak aldatu zituen eta eskaera zegoenetan gelditzera pasa ziren autobusak.

Udal ordezkari arakalidarrek aldaketa hori egiteko arrazoirik ez dagoela salatu dute. Eta kexu dira autobus konpainia gaztigatzeko egunean bertan, txarteldegi ordutegian, edo bezperan deitu behar delako telefonoz eta asteburuetan beste zenbaki bat delako. Sistema berria ezarri zenetik hainbatek hura erabiltzeari uko egin diotela azaldu dute udaletik.

Zerbitzu eskasagatik makina bat kexu jaso dituzte eta behar bezala ez duela funtzionatu azaldu dute. Esaterako: txarteldegiko langileekin hitz egitea lortu ez edo erantzun desegokiak jaso dituzte arakildarrek; aldez aurretik gaztigatu, zain egon eta autobusik ez pasatzea edota zain egon, autobusa ez pasatu eta taxia deitu behar gero La Burundesari faktura pasatzeko.