Astelehenean zabaldu zituen ateak Literart, literatura eta artea uztartuz erakusketak Iortia kultur gunean. Burundako ikastoletako ikasleen sortze lanak ikusteko aukera dago. Ilbeltzetik apirila bitartean garatu den arte proiektuaren barruan kokatzen da erakusketa. Ikasleengan bertako idazleekiko eta euren lanekiko interesa piztu nahi izan du proiektuak. Horretarako bai Castillo Suarez bai Alberto Barandiaran idazleak ikastoletan bisitan izan dira.
Txiokako haur ikastolako 2 urteko ikasleak, Iñigo Aritzako Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urtekoak eta Lehen Hezkuntzako 4 eta 5.mailetako ikasleak Castillo Suarez idazle altsasuarraren idatzietan oinarritu dira euren sormena lantzeko. Suarezen Erikaren ttilikak, Musurik nahi eta Amelia eta Amalia liburuak abiapuntu izan dituzte. DBH 3.mailako ikasleek, berriz, Alberto Barandiaranen Postkronikak liburuko erreportajeetako bat izan dute euren sormenaren abiapuntu. Bata eta bestearen hitzei kolorea eta forma eman zieten, Suarezek esan zuen moduan.
Mustutze ekitaldian Suarezek, Barandiaranek eta Koldo Arnanzek hartu zuten hitza. Haien sormen lanez hitz egin zuten. Bestalde Flores ahizpek eta Juan Migel Arzelusek kantu bat eskaini zieten bildutakoei eta ikastolako dantzariek ere euren saioa egin zuten.