Herri bat garelako, abertzaleak garelako, ezkertiarrak garelako, Europan behar gaituztelako

EH Bildu 2014ko mai. 23a, 05:30

Hautestontziak gure zain daude, Europarako ordezkariak aukeratu behar ditugu, eta jakin badakigu Europa urruti ikusten dugula. Baina ondo pentsatuta Europa ez dago urruti, bertan hartzen diren erabakiak guregan eragin zuzena dute. Arazoa da, nork hartzen ditu erabaki horiek? Tamalez estatuek, gehienetan banketxe eta multinazionalen menpe dauden estatuetako ordezkariek.

Hor dugu bozka emateko lehen arrazoia. Batetik, guk ere erabaki horietan hartu nahi dugu parte, eta bestetik erabaki demokratikoak izan behar dira. Baina Europako Parlamentuaren ahalmenak murriztuta daude, Europan eta Nafarroan hainbat gauza murriztuta dauden bezala. Hortxe dago lehen iraultza demokratikoaren beharra, Nafarroan zein Europan.

Erabaki horietan parte hartu nahi dugula esan dugu, eta horrek izena du, Erabakitzeko Eskubidea. Erabakitzeko eskubidea herriei dagokien eskubide demokratikoa da, Euskal Herriari dagokio, guri dagokigu erabakitzeko eskubidea, pertsonak garelako, herri bat garelako. Europak herrien eta herritarron eskubideak bermatu. Europara eramango dugu erabakitzeko eskubidea, Europara eramango dugu Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesua, Europako herrien elkartasuna izango dugulako, gure etorkizuna delako eta PPk, UPNk eta PSNk jartzen dizkiguten eskubide guztien gainetik aske izango garelako.

Pertsonen ongizatea izan behar da edozein politikaren helburua, ekonomiaren helburua, Europan zein Nafarroan, eta horren jakitun gara. Gure lurralde honek, Sakanak, gogor sufritu ditu krisiaren eraginak eta krisiari UPNk eman dion erantzuna, edo hobeto esanda, eman ez dion erantzuna. Enpresak itxi dituzte, langabezia areagotu da. Hala ere, Sakanan erakutsi diegu beste eredu bat posiblea dela eta Europan berdin egingo dugu.

Ez gaituzte Europan ikusi nahi, ez gaituzte Nafarroan nahi, gu nafarrak izanda ere, ez gaituzte entzun nahi, baina entzun eta ikusiko gaituzte, Europan, Nafarroan eta Euskal Herriko bazter guztietan. Igandean etxetik irten eta UPNk nahi ez duen bozka emango dugu.

http://ehbildu.net/eu/
@Ehbildunafarroa