Idiazabal eta Altsasu artean, Etzegarate mendatea

Guaixe 2014ko eka. 10a, 19:09
Toki izen hori onartu du Euskaltzaindiak. Gaztelaniaz tz soinua ezin idatzi eta ch erabili zuten, toponimoan aldaketa eraginez.

Euskaltzaindiako Onomastika batzordea hilean behin edo Olatzagutiko kultur etxean elkartzen da. Apirileko bilkuran erabaki zuten Goierri eta Burunda artean dagoen mendatearen izen ofiziala Etzegarate dela. Idiazabalgo Udalaren eskaerari erantzunez eta Antonio Berasategi Lardizabalen txostena aztertu ondoren hartu zen erabakia.

Portuari Etzegarate izena ematerakoan Onomastika batzordeak kontuan izan ditu idatzizko testigantzak eta inguruko euskaldunen ebakera (Idiazabal, Zegama eta Ataun). Azken horiek Etzeaate edo Etzeate erabiltzen dute portuaz ari direnean. Dokumentuak ere arakatu dituzte toponimoa nola jaso izan den ikusteko.

Aldaketa nabarmenena XIX. mendean portuan errepidea zabaltzean eta hura ezaguna bihurtzean gertatu zen. Ordura arte euskaraz Etzegarate zena gaztelaniaz idatzi behar eta –tz soinua hainbat modutara eman zuten: tc, ç, ch, c, ts edo z. Nahasmen horretan ch nagusitu zen, toponimoaren oinarrian etxe izena zegoelakoan edo. Gerora, ch-a tx-gatik ordezkatu zen Etxegarate geldituz.

Agirietan

Urtea Aipua Gaur egunera ekarrita
1.208  Eicagaratea Eitzagaratea
1.406 Yçagarate Itzagarate
1.409 Eyçagarate Eitzagarate
XVII. mendea Yçagarate / Eyçagarate Itzagarate / Eitzagarate
XVIII. mendea Yçagarate / Eyçagarate / Ezegarate  Itzagarate / Eitzagarate /Etzegarate
XIX. mendea Ecegarate / Echegarate / Ezegarate … Etzegarate